Thomas Ospital musikari inprobisatzailea, Hitzetik Hortzeran

2020/10/22
Europan eta mundu mailan aritzen den organo-jotzailea da Ospital. Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi bertsolariekin emanaldia eskaini zuen Irunen, eta hitzordua baliatu dugu bera ezagutzeko. Eta bertsoak ere izango dira, noski. Larunbatean, 21:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en.

Inprobisazioa ez da soilik hitzez egiten den jarduna. Musikari inprobisatzaile bat ezagutuko dugu aste honetako Hitzetik Hortzeran: Thomas Ospital organo jotzailea. Ospital ez da partitura zalea. Teklatua bere behatzen jarraipena baino ez da beretzat, gorputzeko atal bat gehiago. Aiherrakoa da jaiotzez, eta ume-umetatik liluratu izan du organoaren soinuak.

Munduan zehar eskaintzen dituen kontzertuen artean, Euskal Herrira itzultzea egokitu zaio: Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi bertsolariekin emanaldi berezia eskaini du Irungo Junkal Elizan, eta hantxe izan da Hitzetik Hortzera.

Irun, Lazkao eta Lizarra, bertsotan

Eider Valentin bertsozale zarauztarrak ekarriko du bertsoaldi kutuna, eta 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lan bat gogoraraziko digu. Zein ote?

Asteotako bertso saioetako hautaketa berezi bat ere ekarriko dugu pantailara. Batetik, Lizarran ospatu den 2020ko Bardoetako, Nafarroako Taldekako Txapelketako bertsoaldiak entzungo ditugu; bestetik, Irunen Thomas Ospitalek, Maialen Lujanbiok eta Uxue Alberdik osatu zuten saio berezikoak; eta, azkenik, Lazkao Txikiren urteurrenean bere herrian antolatutako Bertso Band saioko bertsoaldi musikatuak entzungo ditugu.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en, eta edonoiz EITB Nahieran atarian.

Thomas Ospital eta Eider, Irungo Junkal Elizan.