Taldekako Xilaba, igandeko Hitzetik Hortzeran

2019/11/21
Izturitzen jokatutako finalean izan da Hitzetik Hortzera, eta txapelketako hiru parte-hartzailerekin aritu gara solasean: Elixabet Etxandi, Maindi Murua eta Xan Alkhat. Finaleko bertsoaldirik onenak eta Gipuzkoako txapelketako lehen finalaurrekoak emandakoak ere eskainiko dizkizuegu igandean.

Izturitzen amaitu da 2019ko Taldekako Xilaba. Guztira bederatzi taldek hartu dute parte, eta horietako bi iritsi dira finalera: Ez Otoi Pentsa eta Hasta La 2toria taldeak. Irailean hasi zen Itsasun, eta hamaika herritatik igaro dira parte-hartzaileak Izturitzera iristeko. Bide horren ingurukoak eta askoz gehiago izango ditugu hizpide Hitzetik Hortzeran, Elixabet Etxandi, Maindi Murua eta Xan Alkhat solaskide ditugula.

2019ko Taldekako Xilaban aritu diren hiru lagunokin elkartu gara Izturitzeko trinketean; aurtengoa nola joan den kontatu digute, eta taldean kantatzeak dituen alde onei buruz ere galdetu diegu. Ekimenok jendea bertsolaritzaren inguruan elkartzeko ohitura hartzen laguntzen dute, eta hori bertatik bertara ikusiko dugu igandeko programan.

Jon Celestinoren bertsoaldi kuttuna

Izturitzen izandako finalean entzundako bertsoak eskainiko ditugu igandeko programan; baita Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, Arrasaten izandako lehen finalaurrekoan entzundakoak ere.

Jon Celestino musikariaren bertsoaldi kuttuna ere ezagutuko dugu. Iruñarra da bera, Broken Brothers Brass Band taldeko tronpeta-jotzailea, eta bertsoa ere bere zaletasun nagusien artean dago. Hitzetik Hortzeraren ikusle leiala da umetatik, eta bere bertsoaldi kuttuna zein den kontatuko digu igandeko programan.

Hitzetik Hortzera, igandean, 15:00etan, ETB1en; eta astelehenetik aurrera, EITB Nahieran atarian.

Eider Perez, Elixabet Etxandi, Maindi Murua eta Xan Alkhat aldamenean dituela.