Talde-lanaren indarra eta gozamena
Ohiko txapelketa eredutik atera eta taldeka aritu dira aurten Bizkaian eta Gipuzkoan, Taldekako eta Herriarteko txapelketetan. Talde-lanean oinarrituta, helburua elkarrekin bertsoaz gozatzea izan da. Emaitza onak eman dituzte txapelketek; horrela adierazi dute Beñat Vidal Bizkaiko Sustapen arduradunak eta Eneritz Artetxe Gipuzkoako eragileak BertsoZalea berripaperaren ekaineko alean.
Lehenengo balorazioa positiboa izan da. "Ziur, ordea, badela zer hobetua eta horregatik balorazio orokorra parte hartzaileekin egin nahi dugu", esan du Artetxek. Bizkaian ere berdin: "Proposamenak jaso eta hobetzea da orain tokatzen dena", adierazi du Vidalek.
Txapelketa eredu hauen helburuak asko dira, baina nagusia "bertso mugimendua aktibatzea eta suspertzea da". Baditu ordea beste azpi-helburu batzuk ere: epaileak eta gai jartzaile berriak formatzea, bertso saioen grabazioek duten garrantziaz jabetzea, eta abar.
Taldeak gutxienez sei lagunekoak izan dira (hiru bertsolari, epailea, gai-jartzailea eta antolatzailea). "Talde osoaren ardura izan da saio bakoitza ondo ateratzea, eta argi ikusi da saio baten zati bat bakarrik dela bertsotan egitea bera", esan du Vidalek. "Askotan bertsolarien lanaz bakarrik ohartzen da jendea, eta kasu honetan ikusi da ez dela horrela. Guztiek egin dute izugarrizko lana eta entzuleen erantzuna ere bikaina izan da", gaineratu du Artetxek.
Parte-hartzaileak pozik ikusi dituzte Gipuzkoan: "herri askotan deseginda zeuden bertso-eskolak berriz ere biltzeko balio izan du, eta nik uste gerora ere arrastoa utziko duela", dio Artetxek. "Gainera, taldeak osatzeko inoiz bertso-eskolan ibili ez den jendea hurbildu da eta herriko bertsozaleekin harremanak egiteko ere balio izan du", gaineratu du.
Bizkaian saretzearen indarra azpimarratu dute: "bertso munduko jendearen artean harremanak sendotzeko balio dute horrelako ekimenek, eta aurrerago gauza asko erraztu eta sortzen dira horrela", azaldu du Vidalek.
Elkartearentzako positiboa izan dela uste dute: "jende asko ezagutzeko eta harreman berriak egiteko balio izan digu, bertso-eskolekiko gertutasuna indartzeko".
Zorionak beraz Bizkaiko Taldekakoan eta Gipuzkoako Herriartekoan parte hartu duzuen guzti-guztioi!