Talde lana, lehendakaritza eredu berria
- BATZAR NAGUSIAN ATERATAKO ARGAZKI GALERIA
- BIDEOA: LEHENDAKARITZA TALDEKO KIDEEKIN SOLASEAN [bertsoa.eus webgunera bideratua]
Gaur gauzatu da Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia Iruñeko Kondestablearen Jauregian, lurraldeetako gainerako batzarren ondotik eta horrela azken asteotan izan den batzarren txanda itxiz. 10:30ean elkartu gara bazkideok ohiko Batzar Nagusiari heltzeko; 73 bazkide agertu dira hitzordura. Abizenez batzarra “ohikoa” bazen ere, izanaz berezia izan da 2018ko Batzar Nagusia.
Izan ere, hamarkada pasako bidearen ondotik, Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta Xabier Gaztelumendi elkarteko idazkaria agurtu egin dira elkarteko beren betebeharretatik; aurrerantzean, bertsolaritza eta elkartearen lana hurbiletik jarraituko badute ere. Belaunaldi ezberdinetako bertsolariez inguratuta agurtu dira eta ohorezko bazkide izendatuta. Agurtzeko kazetari eta elkarrizketatu lanetan aritu dira, bakoitzak bere bideari begiratua botaz.
2002an hasi zen Xabier Gaztelumendi Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zuzendaritza taldean borondatezko lanean, isilpeko lan horretan ekarpen bikaina eginez. Bestetik, Iñaki Murua elkartearen sorreratik bertatik aritu da lanean eta 2005ean hartu zuen lehendakari kargua, Imanol Lazkanoren eskutik. Elkartearen garapenerako, proiektuaren gizarteratzerako zein erakundeekin izandako harremanetarako giltzarri izan da bere jarduera.
Bertsolaritzaren egungo aniztasunarekin bat etorri eta ikuspegi ugariko lehendakaritza modua eskaini asmoz, talde arduran erantzungo zaio aurrerantzean orain arte Iñaki Muruak eta Xabier Gaztelumendik betetako funtzioei. Hala, elkartean ohikoa den elkarlan eta ardurak banatzeko dinamikan, beste urrats bat da honakoa.
Bertsolaritza munduko kide erreferenteak dira guztiak, profil anitzekoak: Eneritz Zabaleta, Igor Elortza, Josu Goikoetxea, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Xabi Igoarekin batera, lehendik ere zuzendaritza kide ziren Arrate Illaro eta Beñat Gaztelumendi izango dira lantalde berrian. Iaz, Bertsozale Elkartearen baitan lehendakaritza ereduari buruz egindako gogoeta prozesuan hautatutako kideak dira.
Talde hau Bertsozale Elkarteak gaur arte izan duen zuzendaritzara batuko da, eta sailetako arduradunekin, Lankuko zuzendariarekin eta lurraldeetako elkarteetako lehendakariekin batera partekatuko dute Bertsozale Elkartearen gidaritza.
Barne gogoeta estrategikoa, udazkenean
30 urte bete ditu Bertsozale Elkarteak 2017an. Bide emankorra izan du urteotan eta 2017a Txapelketa Nagusiak ardaztu badu ere, neurri eta gisa ezberdineko egitasmo ugari gauzatu dira. Horiek guztiak laburbilduz, 2017ko memoria eta balantze ekonomikoa zein 2018ko egitasmoa eta aurrekontua zehaztu dira.
2018an ildo beretik jarraituko dugu: bertsolaritza plazan izango da eta ohikoak ditugun egitasmoak gauzatuko ditugu. Kanpoan eragiten ari garen bitartean, garapen osasuntsu baterako beharrezkoa den tartea hartuko dugu barrura begiratu eta norabideaz hausnartzeko. Etengabe gogoetan ari den elkartea izanik ere, 2006an 2018 urte bitarteko bide orria marraztu genuen moduan, aurtengo udazkenean, barne gogoeta estrategikoa egingo da Bertsozale Elkartearen etorkizunerako ildoak markatzeko.