Sustrai Colina Xilabako txapeldun berriari elkarrizketa Bertsoan
Sustrai Colina da larunbataz geroztik Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko txapeldun berria, Amets Arzallusen lekukoa hartuta. Finalean zuzenean jaso zituen Bertsoak txapeldunaren lehen hitzak eta gaur elkarrizketa sakona argitaratu du. Colinak Bertsoari aitortu dio txapela irabazteko baino berak izan nahi duen bertsolaria izateko prestatu dela. Bestelako gogoeta ere utzi ditu: “Uste dut bakarkako lanak soiltzeko joera dagüela” dio urruñarrak.
Bertsoaroa zikloko eta Bizkaiko lehenengo finalaurreko bertsoak asteon
Jada Xilabako bertsoaldi hautaketa oso zabala sarean jarri du Bertsoak. Bihar Iruñeako Bertsoaroa zikloko bertsoak jarriko ditu. Bertsotan aritu zirenak: Maialen Lujanbio, Jon Maia, Oskar Estanga, Unai Iturriaga, Nerea Elustondo eta Aimar Karrika, Ainhoa Aranburuk gaiak jarrita. Saio berezia izan zen eta gaiak planteatzeko batez ere bideoak baliatu zituen Aranburuk.
Bestalde, larunbatean Bizkaiko Txapelketako lehen finalaurrekoa jokatuko da Etxebarrin eta iganderako bertsoaldi onenak sareratuko ditu Bertsoak.
Ostegunean Xenpelar Dokumentazio Zentroari buruzko erreportaia
Xenpelar Dokumentazio Zentroak pauso handiak eman ditu bertsolaritzako dokumentazioa jasotzeaz gain bertso edukiak bertsozaleen edo ikerlarien eskura jartzeko ere, Bertsolaritzaren Datu Basearen bidez, esaterako. Ostegunean Xenpelar Dokumentazio Zentroan murgilduko da Bertsoa, Nere Erkiaga eta Oihana Aranburu lantaldeko kideen eskutik.