Senperen egingo dugu aurtengo Batzar Nagusia
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Batzar Nagusia martxoaren 7an izango da goizeko 11:00etan Senpereko Amotze auzoko Larraldea Etxean. Ohi bezala, Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak emango dio hasiera batzarrari. Horren ostean, 2014. urteari errepasoa egingo diogu, urteko memoria eta balantze ekonomikoak aurkeztuko ditugu.
Atzera begirakoarekin amaituta, aurrera begiratzeko txanda ailegatuko da eta urte honetarako esku artean ditugun egitasmoak ezagutuko ditugu. Herrialde bakoitzak bere egoeraren berri emango du lehendakarien ahotik: Gipuzkoatik, Saroi Jauregi; Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarretik, Joana Itzaina; Bizkaitik, Asier Ibaibarriaga; Arabatik, Ekaitz Elorriaga eta Nafarroatik, Alaitz Rekondo.
Herrialdeen egoera ezagutu ondoren, 2015erako egitasmoa sailez sail errepasatuko dugu arloz arlo: Koordinazioa, Genero Taldea, Transmisioa, Sustapena, Lanku, Ikerkuntza, Xenpelar Dokumentazio Zentroa eta Komunikazioa.
Batzarrarekin amaitzeko, 2015eko aurrekontua aurkeztu eta bozkatuko da.
Batzarraren ondoren, bazkaria
Behin batzarra amaituta ohikoa denez bazkaria egingo da. Urtxola ostatuan egingo da eguerdiko 14:00etan. Bazkarira joan nahi duten bazkideek aurretik konfirmatu behar dute, 943694129 telefono zenbakian edo komunikazioa@ bertsozale.eus helbide elektronikoan. Otsailaren 27a da bazkarian izena emateko azken eguna.
Batzar Nagusira joaterik ez daukan bazkideak apirileko Bertsozalean jasoko du horren inguruko informazio zehatza. Herrialdeetako batzarrak Euskal Herrikoa baino astebete lehenago, otsailaren 21ean, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta Bertsularien Lagunak Elkarteak beren urteko batzarrak egingo dituzte, Bergaran, Larrabetzun eta Senperen bertan.