Samara Velterekin Zarautz ezagutuko dugu Hitzetik Hortzeran

2018/02/08
Berria egunkariko kazetaria da Samara Velte. Nazioarteko sailean zebilela Katalunia, Eskozia, Kurdistan eta Kolonbiaren berri eman zuen, besteak beste. Gizarte gaietan dabil gaur egun. Kazetaritzaren nondik norakoak azaltzeaz gain bertsolaritzarekin izan duen harremanaren inguruan ere ariko gara berarekin. Eta, noski, bertsoak beteko du programako zatirik handiena: Zarauzko, Tolosako eta Legutioko bertsoaldi onenak eskainiko ditugu.

Lotura handia du Zarautzek bertsolaritzarekin. Ibilbide oparoko bertso-eskola sendoa izateaz gain, bertsolari handiak emandako herria da, tartean Bertsolari Txapelketa Nagusiko bi txapeldun: Inazio Eizmendi "Basarri" eta Andoni Egaña. Aste honetan Zarautzen barrena ibiliko da Hitzetik Hortzera luxuzko gonbidatu batekin: Samara Velte kazetariarekin.

Kazetaritza: bidaiatzeko modu bat

Gazte-gaztetatik Berria egunkarian ari da lanean Samara Velte, eta eskarmentu handia pilatu du urteotan, gertakari historikoen berri eman baitu. Kataluniako prozesua, Eskoziako erreferenduma, Kurdistango gerra, Kolonbiako bake prozesua... Bera izan da munduko hainbat gertakari euskarazko egunkarira ekartzeko arduraduna. Zutabegile gisa ere aritua da Samara Velte eta gaur egun Gizartearen atalean ari da gertuago gaiak lantzen. Kazetaritzaz jardungo gara berarekin.

Bertsolaritzak eta kazetaritzak badute-eta antzekotasunik. Kazetari lanetan aritutako bertsolariak asko dira eta gaur egun bertsolari andana aritzen da zutabegintzan. Samara Veltek ere gertutik ezagutzen du bertsolaritza; bertso-eskolan aritzeko aukerarik izan ez arren, plazan gertatzen denaren berri izan badu-eta. Bertsolaritzaz duen ikuspegiaz ere jardungo gara berarekin.

Mokadu goxoa Txiki-Politen

Eta Zarautzen bertan hasiko dugu aste honetako bertso-ibilia. Urtero bezala, bertso-afari ederra egin zuten Txiki-Polit jatetxean. Afalostean Igor Elortza, Nahikari Gabilondo, Sustrai Colina eta Agin Laburu aritu ziren bertsotan, Amaia Agirre gai-jartzaile zutela. Kazetaritzaren egoeraz kantuan entzungo ditugu Igor Elortza eta Sustrai Colina, serio, baina izango da umorerako tarterik ere. Hala, bertsolari laukoteko bakoitza zein pintxo den jakiteko aukera izango dugu, eta Igor Elortza eta Agin Laburu bilobak Nahikari Gabilondo amonari paga eskean ere jarriko ditu Amaia Agirrek.

Zarauztik Legutiorako bidea ere egingo dugu igandean, han aritu baitziren Igor Elortza, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal eta Oihana Bartra. Eta hemen ere umorea izango da nagusi: alaba kanpoan bidaian duten gurasoen larrutik ariko dira Igor Elortza eta Nerea Ibarzabal, eta herriko igerilekuari eman beharreko erabileraz iritzi xelebreak emango ditu laukoteak.

Eta, bukatzeko, Tolosan Atariaren alde egindako jaialdiko bertsoaldi bat ere berreskuratuko dugu, gaurkotasunari lotua baitago. Amaia Agirrek galdera sakona egin zien Aitor Mendiluzeri eta Amets Arzallusi: ez ote garen beti Madrili eskean ari. Zuzen eta sakon erantzun zuten bi bertsolariek.

Hau guztia eta askoz gehiago igande honetan izango duzue ikusgai, bazkalostean, 15:00etan. Eta, noski, igandean ikusterik ez duzuenok interneten aurkituko duzue programa, nahieran, honako helbide honetan: www.eitb.tv/eu.

Samara Velte, Berriako kazetaria izango du gonbidatu igandeko programak.