Saio berezia osatu zuten AEBko eta Euskal Herriko bertsolariek
Amasa-Villabonako Subijana etxera jende ugari hurbildu zen atzo, AEBko eta Euskal Herriko bertsolariek eskaini behar zuten saioa ikusteko. Johnny Curutchet, Martin Goicoetchea, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio aritu ziren bertsotan, Karlos Aizpuruak jarritako gaiak haritzat hartuz.
Bertsolarien ezaugarriek hala iradokita, AEBko eta Euskal Herriko egoerak uztartu ziren bertsoaldietan: diasporara joan beharraz banantzen den bikotea, AEBko rantxo batera modu ilegalean muga pasata iristen den mexikarra, Loreak filmaren presentzia Kodak antzokian… batzuen zein besteen ikuspegia eta bertsokera ezagutzeko parada eskaini zuen saioak.
Egitarau betea
Saioa eskaini aurretik, Bertsozale Elkartearen, Mintzola Fundazioaren eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren zeregina ezagutu zuten Johnny Curutchet, Martin Goicoetchea eta Frantxua Bidaurreta diasporako lagunek.
Astebeteko egonaldia egingo dute hemen hirurek Euskal Kultur Erakundeakgonbidatuta, eta egun horietan bertsolaritzari loturiko hainbat erakunde eta egitasmo ezagutuko dituzte hurbiletik. Besteak beste, urriaren 17an, Bertsularien Lagunak eta Basaize elkarteek elkarlanean antolaturiko Hernandorena Sariketara joango dira.