Rosi Lazkanorekin solasean, Hitzetik Hortzeran

2020/10/01
50 urterekin hasi zen Lazkano Orioko bertso-eskolan, baina ume-umetatik bizi izan da bertsoari eskutik helduta. Gozamena da berarentzat bertsolaritza, eta gozamena izango da aste honetako programa ere: Rosi Lazkanoren bizitza eta bere bertsoak, larunbatean, 21:00etatik aurrera, Hitzetik Hortzeran.

Oriora joango gara asteburu honetan. Han dugu hitzordua Rosi Lazkano bertsolariarekin. 50 urterekin hasi zen Orioko bertso-eskolan, baina ume-umetatik bizi izan da bertsoari eskutik helduta. Gurasoak oso zaleak zituen, eta neba-arrebek elkarri puntuak jarriz arintzen zituzten baserriko lanak. Ordutik Rosiren denbora-pasarik maiteena da hitzaren jolasa. Berarekin solasean ariko da Eider, aste honetako Hitzetik Hortzeran.

Bertsoaldi kutuna, Oiartzundik

Larunbateko programan Oiartzungo bertso-eskolako Ander Lizarralde eta Josu Ibargurenekin elkartuko gara. Arkaitz Goikoetxea oiartzuarraren bertsoaldi bat ekarriko digute gogora; hain zuzen ere, 2000.urteko Osinalde Sariketako finalean kantatutakoa.

Gainera, Galdakaon eta Amezketan izandako bertso jaialdietako ale onenak entzungo ditugu; eta, noski, Rosi Lazkanok urte hauetan zehar kantaturiko bertsoaldi sorta ederra ere ikusteko aukera izango da.

Badator Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en; eta, edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Orion elkartu dira Eider eta Rosi.