"Poza da gure iparra eta horren arabera kudeatzen ditugu emozioak"
Emozioek itzartu dute gaur goizean Mintzolaren egoitza. Goizeko bederatziak pasatxo eman zaio hasiera VI. Ahoa Bete Hots jardunaldiei: Emozioak eta umorea ahozkotasunean. Hainbat ikuspegietatik landuko da emozioa hiru egunotan eta horren erakusle izan da gaurko saioa, ikuspegi sozial eta orokor batetik hasi eta ipuingintza, marrazkigintza eta bertsogintza ere izan baitira talai. Kantuzale Elkarteko kide eta jardunaldien antolaketan parte hartu duen Juan Luis Aranburuk egin ditu aurkezpen lanak, eta hark hartu du Amaia Vazquez psikologoa aurkezteko ardura.
Vazquezek jendaurreko jardunean egiten den emozien kontrolaren inguruko hitzaldia eskaini du. "Emozio" hitza latineko "astindu" hitzetik datorrela gogoratu du baina hala ere, astindu hori gordetzen saiatzeko ahalegina egiten dugula gizartean. Ildo horretatik azaldu du "desikasi" egin behar dugula: "gure emozioen lagun egin behar gara, ez irakatsi zaigun moduan horien aurka borroka egin. Adierazi egin behar dugu sentitzen duguna eta sentimendu horiek zeharkatu”. Emozio horiek norabide zehatz bati begira maneiatuko ditugu: "poza da gure iparra eta horren arabera kudeatuko ditugu emozioak".
Ondotik, Itziar Zubizarretak, Galtzagorri Elkarteko kideak eta Bularretik Mintzoraproiektuaren arduradunak hartu du lekukoa. Ipuin klasikoak hartu ditu adibide ipuingintzan emozioekin egiten den trataera aztertzeko: "Andersenek sekulako hizkuntza literarioa erabiltzen zuen bere ipuinetan. Gerora istorioa sinplifikatzeko egin den ariketan ordea, emozioak irentsi dira eta horiekin batera istorioa eraldatu eta baita moraleja edo irakaspen mezua ere". Zenbaitetan gordinak diruditen mezuen atzean agertzen den sinbologia ere azaldu du, eta baita ohiko istorioetan agertzen diren elementuak, iniziazio errituak kasu.
Atsedenerako tartea eta gero, Asisko Urmenetak bere saioari heldu dio. Euskal Irriaizeneko hitzaldia eskaini du, komikiak baliatuz, gizarte bateko kulturak umorean zer nolako eragina duen erakutsiz eta alderantziz, marrazki jakin batek gizarte jakin batean eragin dezakeena azalduz: "umorea ez da sekula neutroa". Euskal umoreari dagokionez, auzokoak karikaturizatzean poliziaren irudia baliatzeko joera dugula azaldu du eta aitzitik, "sexua gutxi samar agertzen da".
Hitzaldia amaituta, Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga bertsolariak lagun hartuta,Marrazkirriatutako Bertsoak bat-bateko saioa eskaini du, batak marrazten eta beste biak bertsotan (eta marrazten ere bai) inprobisatuz.
Bihar, bertsogintza eta antzerkigintza
Jone Miren Hernandezek abiatuko du bigarren eguneko saioa; bertsolaritzan jarriko du begirada EHUko antropologia irakasleak eta ikertzaileak. Umorea osagai nagusitzat duten bertsolari txapelketak ezagutaraziko dituzte gero Lorea Arburuak, Imanol Epeldek eta Oxan Altunak. Atsedenaldiaren ondotik, Ander Lipus antzezle eta antzerki zuzendariak ekingo dio Nola landu emozioak antzerkian tailerrari. Itziar Irigoien Ahoa Bete Hotseko batzorde kideak egingo ditu aurkezle lanak.