Plazako bidaiak, Hitzetik Hortzera berezian
Koronabirusak erdiz erdi gelditu du bertso plaza, eta bertsoak sarean bilatu du zirrikitua berriro pixkanaka plazara itzultzeko, "plazari bertsoa ta/ bertsoari plaza" emateko, Oihana Iguaran bertsolariak kantatu bezala.
Lau bertso ekitalditako aleak izango dira igande honetako Hitzetik Hortzera berezian. Bertsozale Elkarteak antolatutako bi, ohiko jaialdia bata eta saio esperimentala bestea; eta Erandioko eta Abadiñoko udalek antolatu eta Bertsozale Elkartearen egoitzan Internet bidez egindako beste bi saio: Euskaraldiaren inguruan Erandiokoa, eta herriko jaietako urteroko saioa Abadiñokoa.
Oihana Iguaran, Sustrai Colina, Xabi Igoa eta Jone Uria aritu ziren Elkarteak antolatutako Plazako lehen jaialdian, Idoia Anzorandiak gidatuta. Andoni Egañak, berriz, haurtzarora eraman zituen Amets Arzallus eta Alaia Martin, Bidaiak izeneko saio esperimentalen harian.
Kike Amonarrizek gidatuta, Igor Elortza eta Onintza Enbeita aritu ziren Erandioko Euskaraldiaren inguruko saioan. Abadiñoko festetako jaialdian Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Igor Elortza eta Txaber Altube, Igor Galartzak gaiak jarrita.
Bertsozale Elkarteko egoitzan, publikorik gabe
Alarma egoerak hala behartuta, saio hauek denak Bertsozale Elkarteko egoitzan grabatu dira, publikorik gabe, txalorik gabe... Bertsolarientzako baldintza oso bereziak; baina bertso uzta oso oparoa izan da, igandean ikusiko denez.
Bertsolarien eta antolatzaileen testigantzak ere jasoko ditugu, baldintza hauetan kantatzeak edo bertso saioa antolatzeak suposatzen duenaren inguruan: besteak beste, Andoni Egaña eta Alaia Martin bertsolariak; Ana Hernandez Erandioko euskara teknikaria; eta Jon Agirresarobe Bertsozale Elkarteko koordinatzailea ariko zaizkigu.
Gogoratu: igandean, 15:00etan, ETB1en.