Plaza aniztasuna

2020/10/08
"Plaza gero eta askotarikoagoa dela diogu, eta bada. Baina non ikusten da hori?". Plaza, gorputz eta ahots ezberdinak ditugu bertsolaritzan; horien inguruan, Jone Uria Albizuri "Bertsozale Elkartea gero(r)a mugitzen" aldizkarian, eta blogean berreskuratu dugu.

2013ko txapelketan biak ospatu ziren Markina-Xemeinen egun berean: Bertso Eskolen Eguna eta Txapelketa Nagusiko kanporaketa bat. Gogoan dut azken agurrean aipatu nuela txapelketa, izatekotan, bertsoaren teilatua litzatekeela; eta bertso eskolak oinarria. Baina zer dago tartean? Zenbat solairu dauzka eraikinak? Nolakoak? Ezagutzen al ditugu?

"Plaza, eraikin erraldoi bat da. Eta ez daukagu astirik dena ikusteko. Norbera deitzen gaituzten gelatara joaten gara kantura. Edo gure auzokoaren gelara entzutera"

Bada, tartean bertsogintza osoa legoke, eta nagusiki plaza. Asteburueroko jarduna. Baita aste barrukoa ere. Baina susmoa dut eraikin horren kanpoko irudiarekin geratzen garela askotan. Plazaren irudi konkretu batekin. Eskaparatearekin. Plaza gero eta askotarikoagoa dela diogu, eta bada. Baina non ikusten da hori? Zer topatuko genuke eraikineko solairu eta gela bakoitzean sartzeko aukera bagenu?

Plaza, eraikin erraldoi bat da. Eta ez daukagu astirik dena ikusteko. Norbera deitzen gaituzten gelatara joaten gara kantura. Edo gure auzokoaren gelara entzutera. Edo atentzioa eman digun gela baterako igogailua hartzera ausartzen gara noizean behin. Eta besterik ezean, telebista eta internetez erakusten dizkiguten gelatxoen irudiak ikusten ditugu...

Izan liteke garaia plaza hobeto ezagutzekoa. Edo gutxienez zein gutxi ezagutzen dugun kontzientzia hartzekoa, eta horrekiko jakin-min bat piztekoa. Plaza askotarikoa eta aberatsa delako, gutariko askok imajinatu ezin dugun punturaino.

Aniztasun horrek izango ditu ezaugarri jakin batzuk orokorrean, batzuk garaian garaikoak eta besteak tokian tokikoak. Has gaitezen bada, gure eraikin askotariko hau ezagutzeko bidean. Izan ere, etxea barrutik nolakoa den jakin gabe nekez dekoratu ahalko dugu gure gustura.