Pello Mari Otaño beka: ostegunean amaituko da aurkezteko epea

2020/03/27
Aiztondo bailarako bertsolaritza ikertzeko aukera aparta eskaintzen du bekak. 3.000 euroko saria jasoko du proiektu aukeratuaren ikertzaileak bere lana garatzeko.

Bertsolaritza eta emakumea Aiztondo bailaran (Gipuzkoa) ikertzeko helburua duten proiektuak lehenetsiko dira Pello Mari Otaño bekarako; baina Aiztondoko ahozko kultur sorkuntza aztertzeko asmoa duten azterketa lanak ere hartuko dira aintzat. 3.000 euroko saria jasoko du proiektu aukeratuaren ikertzaileak, bere lana urtebeteko epean gara dezan. Gaur zortzi amaituko da proiektu horiek aurkezteko epea; lanak aztertuta, maiatzaren 9an emango da ebazpenaren berri.

Kilometroek eta Mintzola Ahozko Lantegiak jarri dute abian deialdia, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin.

Deialdiaren inguruko informazio gehiago topa dezakezu hemen.

Beka deialdiaren aurkezpena egin zen otsailean. / XDZ