"Pello Errota eta Mikaela Elizegi gogoan" ekitaldikoak, Bertsoa.eusen

2018/04/23
Bernardo Atxagak eta Joxan Goikoetxeak esanak bildu ditu sareko plaza digitalak. Ostegunean izango dira entzungai.

Datorren urtean beteko dira 100 urte Pello Errota hil zenetik eta urte osoan zehar hainbat ekitaldi antolatu ditu bere herriko udalak, Asteasuk. Ekitaldi sorta horren baitan egin zen Pello Errota eta Mikaela Elizegi gogoan ekitaldia: solasaldiak eta bertso saioak osatu zuten ekitaldia eta Bernardo Atxagak, Joxan Goikoetxeak, Maialen Lujanbiok eta Angel Mari Peñagarikanok hartu zuten parte. Solasaldian Asteasu y Txirrita diskoko Asteasu nor izan daitekeen argitzeko azalpenak eman zituzten Joxan Goikoetxeak eta Bernardo Atxagak; haien hitzak bildu ditu Bertsoa.eusek eta ostegunean entzun ahal izango ditugu.

Gipuzkoako eta Nafarroako Eskolarteko Bat-bateko Txapelketetako finalak izan ziren bestalde pasa den ostiralean. Gaur izango da ikusgai eta entzungai Lasturren jokatu zen saioko bertsoaldien hautaketa eta asteazkenean Iruñekoa. Bertsoaldi gehiago ere izango dira eskura, eta Plazatik Gaztetxera Sariketako Itziarko saioan entzundakoak eskainiko dira bihar.

Beste hamaika kontu ere ekarriko ditu Bertsoa.eusek sareko plazara aste honetan.

Mundu bat ahoz aho dokumentala ikusgai

Ostegunean bertan Mundu bat ahoz aho ikus-entzunezkoaz gozatzeko aukera izango da Bertsoa.eus atarin. Mintzola Ahozko Lantegiak garatua eta Lanku Kultur Zerbitzuek ekoitzia, zazpi herrialdetako inprobisatzaileen ahotsak biltzen ditu Beñat Gaztelumendik zuzendutako dokumentalak. Kantu inprobisatuek munduari begiratzeko duten talaia ezagutzeko aukera eskaintzen du.

Gipuzkoako Eskolarteko finaleko bertsoaldien hautaketa, jada sarean.