`Patzuru-patzuru´ Amaiur!

2023/07/18
Amaiurren hasi ziren uztailaren 8an 2023ko Bertso Udalekuak eta atzo amaitu zen lehen txanda. 16-18 urte bitarteko 33 gazte elkartu dira Baztanen.

Patzuru-patzuru! izan da Amaiurko Bertso Udalekuetako leloa eta denetik egin dute 10 eguneko egonaldian: distopia eguna (ingeles udalekuan murgiltzea eta manifa), Mihiluze lehiaketa etxeko Kike eta Ilazkirekin, literatura eta antzerkia, kantu ezagunak bertsionatu eta grabatzea, Baztango Gazte Asanbladak tokiko aroztegiaren eta turistifikazioaren inguruan eskainitako mahai ingurua, gazteak begirale eta begiraleak begiratu izan zireneko egun aldrebesa, errekan freskaldiak eta kitarraz lagundutako patxada uneak…

Uztailaren 13an bertso saioa antolatu zuten gazteek, herriko plaza edertuta; bertsotan Amaia Iturriotz eta Maddi Ane Txoperena izan ziren. Herritar asko bertaratu zen saioaz gozatzera eta bertakoek txozna ere zabaldu zuten, ekitaldia sustatzeko.

Amaiurko txandan 16-18 urteko 33 gazte elkartu dira; horietatik 29 bertso-eskoletan dabiltza, eta 31 aurrez ere izanak ziren Bertso Udalekuetan. Festa jartzen eta antolaketan partaide izan diren hezitzaile taldea, berriz, hauxe: Asier Alcedo, Iholdi Beristain, Oihana Arana, Peru Irastortza, Zihara Jainaga, Aitor Bizkarra eta Aitor Tatiegi.

Hemen duzue Amaiurko Bertso Udalekuen bideo laburpena: 

 

Amaiurtik Irañetara

Bertso Udalekuek ez dute etenik, behin Amaiurko txanda bukatuta Irañetan jarraituko dute. Uztailaren 24ra bitartean 12-13 urte arteko bertsozale gazteak elkartuko dira Sakanako herrian.

Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak, EuroeskualdeakEusko Jaurlaritzako Euskara Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Irizarren laguntzarekin.

Amaia Iturriotz eta Maddi Ane Txoperena izan ziren bertsotan Amaiurko Bertso Udalekuetan.