Otsailaren 7an irekiko da Bertso Udalekuetako hezitzaileen izen-ematea

2022/01/31
Begirale, sukaldari edota zuzendari lanak egitera joan nahi duten lagunek izena emateko bi aste izango dituzte, baita begirale praktikak egin nahi dituztenek ere.

Gaur zortzi abiatuko dugu 2022ko Bertso Udalekuetarako bidea. Datorren astelehenean irekiko dugu hezitzaile taldea osatzeko izen-ematea, 10:00etan, www.bertsozale.eus webgune honetan bertan. Otsailaren 21eko eguerdira arte eman ahal izango da izena. Apirilaren amaieran jakinaraziko zaie izena eman dutenei nortzuek hartuko duten parte lantaldean. Hautatutako kideek hezitzaileen prestaketa asteburuan hartu behar dute parte, maiatzaren 20ko asteburuan.

Begiraleek, sukaldariek, zuzendariek eta begirale praktikak egiten dituzten kideek osatzen dute udalekuetako hezitzaile taldea. Ardura bakoitzak bere izen-emate orria izango du; adi, beraz, izena ematerakoan. Amaiurren, Irañetan, Larraulen eta Zuhatzan izango dira egonaldiak, azken horretan bi txanda, eta guztiak uztailean gauzatuko dira.

Bertso Udalekuetan parte hartu nahi duten gaztetxoen izen-ematea martxoan izango da, eta laster izango duzue Bertsozale Elkarteko webgunean txanden eta izen-emate epeen berri.

Koordinatzaile lanposturako lan deialdia

Hezitzaileak ez ezik, Bertso Udalekuen koordinazio lanak egingo dituen pertsona baten bila ari da Euskal Herriko Bertsozale Elkartea. Udalekuetako txanden diseinuaz, kudeaketaz eta exekuzioaz arduratuko da (programazioa, finantzak, harremanak…), eta udalekuetako batzordearen eta hezitzaileen lantaldearen kudeaketaz ere bai.

Otsailaren 20ra arte bidali ahal izango da Curriculum Vitaea. Informazioa webgune honetan bertan ateratako lan deialdian topatuko duzu.

Asteburu osoko prestaketa saioan parte hartu behar dute hautatuek, maiatzean. / XDZ