Otsailaren 26an egingo dugu hurrengo bidaia

2021/02/16
"Uhinak" bertso saioa antolatu dugu Tolosaldeko Ataria komunikabidearekin eta Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkargunearekin elkarlanean.

Esperimentaziorako, Bidaiak egitasmoa sortu genuen udaberrian, pandemia bete-betean, bertsolaritza suspertu eta sortzaileei zein zaleei, online bazen ere, elkartzeko espazioa eskaini asmoz. Udaren ondotik ere jarraitu genuen bide horretan, plaza biziberritzeko lanean, eta hala antolatu genuen Chillida Lekun Bertsoa Sutan emanaldia. Hurrengo bidaia uhinetan barrena egingo dugu otsaila amaitzerako.

(H)ari Naizela Imanol Artola "Felix"ek gidatutako bertsolaritzaren inguruko saioa da: Tolosaldeko Ataria komunikabideak eskaintzen du, eta hedabidearen, Tolosaldeko Harituz Bertsozale Elkargunearen eta Bertsozale Elkartearen arteko elkarlanaren emaitza da. 2016ko urtarrilaren 17an egin zen lehen irratsaioa eta ordutik, asteazkenero, Ataria Irratian entzuteko aukera izaten da. Martxoaren 3an 200. saioa egingo du, eta ospatzeko bertso saio berezia antolatu dugu hiru eragileok, Amasa-Villabonako Udalaren laguntzarekin: Uhinak.

Amasa-Villabonako Gurea aretoan izango da saioa otsailaren 26an, ostiralean, 19:00etan. Amets Arzallus, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran izango dira bertsotan; Imanol Artola "Felix" ariko da gaiak jartzen. Sarrerak 10 euroren truke eskuratu daitezke lotura honetan.