Ostiralean hasiko dira Bertso Udalekuak
Udan duela egun batzuk sartu ginen arren, uztaileko zedarriak are nabarmenagoa egiten du udako sarrera; eta zer esanik ez, hainbat gaztetxo Bertso Udalekuetara begira daudenean.
Uztailaren 1ean, ostiralean, hasiko dira Bertso Udalekuak Orion (Gipuzkoa) eta Barrian (Araban) - azken hauek Arabako Foru Aldundiaren eskaintzaren baitan daude, Bertsozale Elkartearekin elkarlanean-. Uztailaren 1etik 10era bitarte izango dira Orioko udalekuak eta 12-14 urte bitarteko ia 40 lagun elkartuko dira han.
Uztailaren amaiera aldera etorriko dira gainerako txandak: uztailaren 22an hasiko da Irañetakoa (Nafarroa), uztailaren 23an Bidarraikoa (Behe Nafarroa), abuztuaren 2an Muxikan (Bizkaia) eta abuztuaren 22an Zuhatzan (Araba).
Udaleku bakoitzak bere kokapenaren arabera ezaugarri ezberdinak dituzte (batzuetan ur jolasak, mendiari begirakoak besteetan) baina horietan guztietan lurralde ezberdinetako lagunak egiteko abagunea izango dute, genero ikuspegia lantzekoa eta bertsolaritzaz eta ahozkotasunaz gozatzekoa.