Ostiralean amaituko da Aubixakoa
Gaur zortzi hasitako udalekua amaitzear da Aubixan. 15 eta 16 urte bitarteko gazteek ostiralean amaituko dute hamar eguneko egonaldia.
"Egonaldi"tik gutxi izan du, edonola ere, udalekuak; "egon" baino "egin" aritu dira gazteak. Ibilaldiak egin dituzte Elgoibarko San Pedro auzora, Zarautzera eta Arratera. Lehenean, herri kirolak egin zituzten; bigarrenean, bisita gidatu musikatua Paul Beitiaren eskutik; eta, Arraten, hango irrati ezagunean hitz eta pitz aritu ziren.
Aubixako aterpetxean geratu direnetan ere, gonbidatu bereziak izan dituzte: Xabi Payak euskal ahozko tradizioaren inguruko hitzaldia eskaini zien, eta ondoren esandakoari loturiko dinamikak gauzatu zituzten; Miren Narbaiza Mice musikaria agertu zitzaien, eta kontzertua eskaini; eta Napardeath ikus-entzunezko proiektua ere aurkeztu zitzaien gazteei.
Bertso alea Iñaki Viñasprek eta Nerea Elustondok jarri zuten bart; han izan ziren bi bertsolariak Aubixako bertso udalekuari azken puntuak jartzen.