Ostegunean hasiko dira Bertso Udalekuak
12 eta 13 urteko gazteak izango dira 2019ko Bertso Udalekuetaz gozatzen lehenak. Uztailaren 4an iritsiko dira Duzunaritzeko Etxartia etxera eta han izango dira uztailaren 10era arte.
Txanda sorta baten lehen katebegia baino ez da izango lehen egonaldi hau, beste lau etorriko baitira atzetik: Uitzin, Aubixan eta Orion izango dira udalekuak uztailean, eta Zuhatzan izango da azkena abuztuan. Euskal lurralde osoko 9 eta 18 urte bitarteko gazteek hartzen dute parte Bertso Udalekuetan; guztira, 200 bat parte hartzaile izango ditu aurten.
Haiekin batera izango dira hezitzaileak, zuzendari, begirale, sukaldari zein begirale praktikak egiten ariko diren zenbait kide: 40 hezitzaileok prestaketa saioa egin zuten maiatzean, Amasa-Villabonako Subijana etxean bertan eta, besteak beste, transexualitatearen gaia landu zuten Naizen elkarteko Bea Server eledunaren eskutik.
Luzaroan iguriki ditugun Bertso Udalekuak hemen dira!