Osinalde Sariketa, bertsolari gazteen habi
1971. urtean antolatu zen, lehen aldiz, Osinalde Sariketa, eta Patxi Iraola izan zen irabazlea lehen edizio horretan; 2021ean, Gorka Pagonabarragak jantzi zuen txapela. 50 urte igaro dira, eta ehundaka bertsolarik kantatu dute Gabiriako Osinalde Elkarteko mahai-ingurutik. Hala, azken urte hauetako irabazleak eta parte-hartzaileak elkartu, eta urteurren festa handia antolatu dute Osinalde Elkartekoek irailaren 17rako.
50 urte hauetan historia luzea dago, eta larunbateko Hitzetik Hortzeran, belaunaldiez, bizipenez eta bertso gogoangarriez ariko dira Eusebio Igartzabal antolatzaile beteranoa eta Jokin Murua gaur egungo lantaldeko kidea.
Osinaldeko, Donostiako eta Getxoko bertsoaldiak
Larunbateko programan, 50 urte hauetan kantaturiko bertsoaldi gogoangarri batzuk ekarriko dira pantailara. Horrez gain, Donostiako San Telmo museoan antolatu zen Baginen Bagara bertso saioko eta Getxoko Ez da Kasualitatea bertso saio musikatuko bertsoaldiak eskainiko dira.
Hitzetik Hortzera, larunbatean, 21:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian ere bai.