Osatu da Euskal Herriko Eskolarteko Finala

2024/06/04
Ekainaren 15an jokatuko da Euskal Herriko Eskolartekoa Arantzan, 17:00etatik aurrera.

Lurraldez lurralde jokatutako eskolartekoetatik sailkatutako 11 bertsolari gazte ariko dira kantuan ekainaren 15ean Arantzako frontoiko oholtzan. Apirilean hasi eta orain arte egin dira Eskolartekoak Oinak buruan goiburupean.

Udaberriko ohiko hitzordua izaten da Euskal Herriko Eskolartekoa. 14 eta 18 urte bitarteko Euskal Herri osoko gazteak elkartuko ditu 36. edizioak. Lurraldeetan Eskolarteko txapelketek bere bidea eginda, final handiarekin biribilduko da egitasmoa. Arantzan egingo finala aurten ekainaren 15ean.

Gipuzkoan apirilean jokatu zen Lasturren finala eta bertatik June Aiestaran eta Joanes Azpillaga sailkatu ziren. Nafarroako eskolartekoa maiatza hasieran egin zen Iruñeko Laban eta bertan Kattin Madariagak eta Kattalin Lizarragak eskuratu zuten Arantzan kantatzeko txartela. Aramaion jokatutako finalean jakin genuen, Hegoi Amabizka eta Iraide Onaindia izango zirela Arabako bi ordezkariak.

Bizkaiko eta Gazte XILABAko finalak izan dira jokatzen azkenak. Maiatza bukaeran Arrigorriagan egin zen Bizkaiko Eskolarteko finala, Kelmene Abaitua eta Ekhi Zuluaga sailkatu ziren. Lapurdiko ordezkariak Haira Aizpurua eta Unax Aizpurua izango dira eta Baxenabarrekoa berriz Nahia Etcheverry.

Giro politean jokatu dira Euskal Herri osoan Eskolartekoak, bai kanporaketak eta baita finalak ere. Horregatik espero da, Arantzako finalean ere herrialdeetan izandako giro beroa izatea.

Sarrera doan eta ondoren mokadua

Sarrera doan izango da. Ekainaren 15ean 17:00etan hasiko da Euskal Herriko Eskolartekoa Arantzako frontoian, eta saioa amaitutakoan mokadua eskainiko da eta bertaratutakoen artean zozketa egingo da.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa;  aurten Arantzako Udalaren laguntza ere izango du Euskal Herriko Eskolartekoak. Bertsozaletzea eta gazteei jendaurrean kantuan hasteko aukera ematea du helburu egitasmoak. Bat-bateko txapelketa honetaz gain, lurralde bakoitzean bestelako ekintzak ere egiten dira Eskolartekoari lotuta: idatzizko txapelketa edo adin txikiagokoentzako lehiarik gabeko topaketak.

11 bertsolari gazte ariko dira kantuan Arantzan egingo den Eskolarteko finalean.