Osasuna bertsolaritzari

2021/02/05
"Bertsoa bizigarria da, biltzeko aukera ematen digulako, bertsolariek eta gai jartzaileek une zailetan ere ekarpen interesgarriak egin dituztelako, eta, batik bat, antolatzaile eta bertso-eskola askok ardura hartu dutelako". Iker Iriarte gai-jartzaileak osatu du blogeko azken ekarpena.

Bertsozale Elkarteak joan den urteko bertso plazaren argazkia osatu digu, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren datuak hartuta. Ez da markoan jartzeko moduko argazkia, 700 bertso saiotik gora galdu izana ez baita batere albiste ona. Ez dakigu zenbat luzatuko den osasun larrialdia, eta kezkatuta gaude guztiak: urtarrilean ugaritu egin omen dira kasuak, eta txertaketa kanpaina geldoa izango dela aurreikusten da. Gainera, gizartea ere nekatzen hasi da hainbeste debeku eta murrizketarekin.

Ardura bizkarrean hartu eta saioa gauzatzeko ahaleginari balioa ematea tokatzen zaigula uste dut

Bertso saioei begira, negu bueltan nabarmen lasaitzen da bertso plaza urtero. Ez litzateke seinale txarra aurtengo udaberrian, udan eta udazkenean iazko datuak hobetuko bagenitu. Gaurkoan, ilunak hor jarraituko duela jakitun, argian jarri nahiko nuke arreta, positibo izateko arrazoiak ere baditugulako. Egin diren saioetan jarri behar dugu begia, galdu diren saioak zergatik galdu diren aztertzea ahaztu gabe. Bertsolaritza ekintza soziala da ezer izatekotan, eta, festak nahiz jendaurreko ekintza ia gehienak bertan behera gelditu diren honetan, 430 bertso ekitaldi burutu ziren urtarriletik abendura. Herri ia guztietan, bertan behera gelditu dira txupinazoa, herri krosa edo bazkaria, baina kasu askotan bertso saioa egin egin da. Zergatik eta nolatan? Herri horietan bertso-eskola edo talde antolaturen bat ari delako eragiten, une zailetan ere eragiten. Jitsi edo Zoom bitartez baina eragiten: osasun protokoloen inguruan informatu, Lankura aurrekontua eskatu, Udalari aretoen eta dirulaguntzen eskaria egin… eta saioa antolatu! Ardura bizkarrean hartu eta saioa gauzatzeko ahaleginari balioa ematea tokatzen zaigula uste dut. Astero biltzeko zailtasunak izan dituzte bertso eskolek, baina, zorionez, asko dira lanean jarraitu dutenak. 

Bertso saioetan inoiz ikusi gabeko momentuak bizi izan ditugu; besteak beste, bertsolariek elkarrengandik oso urrun kantatu behar izan dute, bertsoen osteko erreakzioak maskarapean gelditu dira, eta saio osteko berriketaldirik gabe itzuli gara etxera. Egin izanaren poza sentitu dut oholtzaratu naizen gutxitan, eta sentitu dut publikoaren esker ona. Bertsoa bizigarria da, biltzeko aukera ematen digulako, bertsolariek eta gai jartzaileek une zailetan ere ekarpen interesgarriak egin dituztelako, eta, batik bat, antolatzaile eta bertso eskola askok ardura hartu dutelako. Aitortu diezaiogun duen balioa lan horri, eta indartu dezagun antolatzaile sarea. Bertsolaritzaren txertoa ez baita dirulaguntza bat izango; herri bakoitzean bertso eskola edo zale talde osasuntsu batek emango dio osasuna bertsolaritzari.