Ondare immaterialari buruzko jardunaldietan izango gara Portugalen

2021/11/18
Zehazki, estatuen arteko proiektuetan ondareak izan dezakeen lekuaz ariko dira: eredu gisa mahairatuko da bertsolaritza.

Vigoren (Galizia) hegoaldean eta Portoren iparraldean (Portugal) dagoen lurraldea Miño ibaiak bereizten du; edo lotzen du. Ibaiaren bi aldeen arteko lankidetza proiektuak bultzatzen diharduen AECT Rio Minho erakundeak ondare inmmaterialari buruzko jardunaldiak antolatu ditu; zehazki, estatuen arteko proiektuetan ondareak izan dezakeen lekuaz aritzeko plaza izango da.

Bertsolaritzak bete-betean egiten du bat ezaugarri horrekin, eta eredu gisa mahairatuko da. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Alfredo Asiain katedradunak gonbidatu du Bertsozale Elkartea, eta Beñat Gaztelumendi izango da ordezkaria.

Azaroaren 24an, 25ean eta 26an izango dira La cultura immaterial como elemento de desarrollo local. El PCI desde el río Miño transfronterizo  jardunaldiak Valençan (Portugal). Bigarren egunean hartuko du hitza Gaztelumendik, Xenpelar: centro de documentación del bertsolarismo hitzaldia eskainiz; edonola ere, Xenpelar Dokumentazio Zentrotik harago, bertsolaritzaren gaineko xehetasunak emango ditu, parte-hartzaileek adierazpidearen eta mugimenduaren beraren inguruko zenbait datu izan ditzaten.

Beñat Gaztelumendi ariko da jardunaldietan. / XDZ