Onartu da Bertsozale Elkartearen 2017ko egitasmoa

2017/03/28
Larunbatean egin zen Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzarra Ozaetan. 74 bazkide hurbildu ziren hitzordura.

Aho batez onartu ziren Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusian 2016ko balantze ekonomikoa eta 2017rako aurrekontua. 74 bazkide hurbildu ziren Arabako Lautadara; hain zuzen, Barrundia udalerriko Ozaeta herrian gauzatu zen batzarra, Iduia jauregian, 11:00etatik aurrera.

Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman zien ongietorria hurbildutakoei. Harekin ziren batzarra gidatzen Aritz Zerain Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzailea, Xabier Gaztelumendi idazkaria eta Arrate Illaro diruzaina.

2016ari errepasoa egin zitzaion ikus-entzunezko baten bidez eta aurtengoan gauzatuko den egitasmoaren berri eskaini zuten lehendabizi lurraldeetako ordezkariek eta gero sailetako arduradunek. Patxi Aizpurua Arabako Bertsozale Elkarteko idazkariak, Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria den Saroi Jauregik, orain arte Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakaria izan den Joana Itzainak eta Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman zituzten xehetasunak hurrenez hurren. Aipatzekoa da Bertsularien Lagunak Elkarteak lehendakari berria duela eta aurrerantzean Joana Itzainaren lekukoa Xumai Muruak hartuko duela.

Batzar Nagusia 2018 - Iñaki Murua_bideoa

Lurraldeak eta gero, sailak

Aritz Zerain EHBEko koordinatzaileak ekin zion sailen egitasmoen aurkezpenari gai administratiboetatik hasita, eta gero azaldu zituzten sailetako arduradunek Generoan, Transmisioan, Ikerkuntzan eta hari loturik Mintzolan, Xenpelar Dokumentazio Zentroan, Sustapenean, Lankun, Hedapenean eta Komunikazioan 2017ra begira egiten ari garen lana.

Batzarrean azaldutako egitasmoen artean nabarmentzekoa da Bertsolari Txapelketa Nagusia izango dela aurten; aurretik, 2017aren lehen erdialdean gauzatzen ari dira Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak. Bestalde, emanaldi bereziak sustatzen jarriko ditu indarrak Lankuk. Hezkuntzan ikasmateriala garatzeari emango zaio lehentasuna eta baita haur eta gazteengana heltzeko egitasmoei ere; urtero egiten diren ekimenei arreta kendu gabe, noski. Ikerkuntzari dagokionez, Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez hainbat ikerketa tesi jarri dira abian, eta horiei zein bertsolaritzari loturiko beste ikerketei laguntza ematen jarraituko du Mintzolak, era berean, ikergai berrien inguruan jakin-mina piztuz.

Bertsozale Elkarteak Barrundiako Udalari eskerrak eman nahi dizkio, Batzar Nagusia egiteko Iduia Jauregia uzteagatik eta hain abegikorrak izateagatik. Era berean, eskerrak eman Pablo Jausoro bazkideari eta bere sendiari, Ozaetako elkartean prestatutako jatorduarengatik.

Hasi da bada 2017a Bertsozale Elkartean ere. Izan bedi urte oparoa.

74 bazkide hurbildu ziren Ozaetako Iduia jauregira / XDZ