Oihana Bartra eta Gari Otamendi parez pare, Hitzetik Hortzeran

2022/01/13
Binakako elkarrizketei ekingo die Hitzetik Hortzerak aurten, eta lehen saioan parez pare jarriko dira Oihana Bartra bertsolaria eta Gari Otamendi dantzari eta musikaria Bilboko BIRA espazioan. Beraien jardun artistikoen bidegurutzeez, txapelketez, gorputzaz eta beste hainbat gairi buruz arituko dira solasean. Hitzetik Hortzera, larunbatean, ETB1en, eta igandean errepikapena.

Ez Da Kasualitatea deituriko bertso saio musikatuetan ezagutu zuten elkar Oihana Bartra bertsolari bilbotarrak eta Gari Otamendi musikari añorgarrak, eta ordutik hamaika oholtzatan aritu dira elkarrekin. Bertsolaritzaren eta musikaren uztarketaz, bertso saio berezi horietan sortzen den giroaz edota elkarren jardunetik ikasitakoaz arituko dira solasean aste honetako Hitzetik Hortzeran.

Musikaria izateaz gain, dantzaria izan da txikitatik Gari Otamendi, eta ezinbestean ohituta dago haren gorputzarekin hitz egitera. Bestelakoa da bertsolarien gorputz lengoaia oholtza gainean. Horri buruz hizketan, lehia eta txapelketen ereduari buruz hausnartzen edo sormenetik bizitzeaz ere arituko dira, besteak beste. 

Oñati eta Amurrioko saioak

Amurrion eta Oñatin ere izango da Hitzetik Hortzera; bi herriotan egiten dira urte hasierako bertso saiorik sonatuenetako bi. Amurrion urtero biltzen dituzte Txapelketa Nagusiko finalistak, finalista gehienak behintzat, eta Oñatin errege bezperako bertso saioa ohiko hitzordua da Gabonetako egitarauan.

Bertsoaldi Kuttunaren atalean, berriz, Koldo Gezuraga bertsolari gernikarrak 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketara eramango gaitu bueltan; Miren Amurizaren eta Ibon Ajuriagojeaskoaren arteko ofizio bat gogoratuko dugu berarekin.

Ez galdu Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00tan, ETB1en, eta aste honetakoa igandean ere bai, 15.00tatik aurrera; ondoren, edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Gari Otamendi eta Oihana Bartra Bilboko BIRA espazioan elkartu dira.