Oier Iurramendi: “Koordinazio postuak eguneroko lanetatik begirada altxa eta hurrengo pausoetara begira jartzeko aukera ematen du”
Berregituraketa urtea dugu aurten Bertsozale Elkartean: martxoan lehendakaritza taldea berritzearekin bat, koordinatzaile lanpostua sortzeko erabakia hartu zuten bazkideek Batzar Nagusian. Lanpostu horretara heldu berri da Oier Iurramendi Etxeberria (Donostia, 1990), baina ez da berria elkartean. Hernaniko bertso-eskolako kide, sustapena izan da bere lan arloa eta horrela eman zuen bere lehen pausoa Bertsozale Elkartean ere: 2019tik Bertsozale Elkarteko sustapen eragile lanetan aritu da.
Nola hartu duzu lanpostu berria?
Ilusioz eta esker onez, baina baita arduraz ere. 2019an iritsi nintzen elkartera, sustapen eragiletzan aritzeko. Baina duela bi urtetik hona, koordinazioa taldean hartzea erabaki genuenetik, koordinazio eta sustapen ardurak uztartu ditut. Lanpostu hau, beraz, ez da guztiz berria niretzat. Elkartea askoz zabalagoa da, ordea. Bolumen izugarria duen proiektua da eta bizi propioa duena. Ardura, indar eta konpromiso handiarekin heltzen diot talde izaera duen funtzio berri honi.
Nolakoa izan da zure ibilbidea Bertsozale Elkartean?
Ni sustapenetik nator, elkartera sartu aurretik ere horretan kokatzen bainuen nire burua, Hernaniko bertso-eskolaren dinamikaren barruan, irakasle eta herriko saioen antolakuntzan. 2019an elkartera sartu eta hiru hilabetera pandemia iritsi zen eta Elkarteko sustapen sailak norabidez aldatu behar izan zuen egun batetik bestera. Pandemia garaian plazako eragile bihurtu behar izan genuen; niretzat berria izan zen, baina elkartearentzat ere bai. Pandemiako bi urte horietan bizkor egokitzen jakin behar izan genuen.
Testuinguru horretan egin genituen pare bat urte eta ondoren Txapelketa Nagusia heldu zen, nire lehen txapelketa sustapen eragile gisa. Zurrunbilo horretan joan zitzaizkidan lehen hiru urteak. Elkartean sustapenean bost urte egin baditut ere, bost urte berezi izan dira.
Bost urteotan, txapelketaz gain, nire indarrak asko zentratu dira plazaren behaketan eta analisian, eta pandemia osteko plazaren biziberritzean: orain arte hainbeste landu ez dugun eremu batean.
Eta hemendik aurrera, zeintzuk izango dira zure funtzioak?
Elkartea berez dinamika propioa duen proiektua da, eta horri erantzuteko antolaketa propioa du. Hezurdura horrek funtzionatu dezan lan egitea izango da nire funtzioa. Gurea elkarte handia da: jende, helburu, ideologia, errealitate, bizipen… asko daude, eta konfiantza eta enpatia handiz jokatzea gako dira nire ustez. Batez ere pieza guztien enpaste eta engranaje lana bezala definituko nuke. Elkarteko proiektuaren eta funtzionamenduaren orekan begia jartzea.
Kanpo harremanena ere bada postu honi lotuta doan funtzio bat. Koordinatzailerik gabe egon garen bi urte hauetan nabaritu dugu erreferentziazko pertsonaren falta gai konkretu batzuetan.
Zertan lagunduko du elkartearen barne funtzionamenduan zure lanpostuak?
Aipatu dudan moduan, Bertsozale Elkarteak ondo egonkortutako dinamika dauka. Horren erakusgarri da orain hartuko dudan lanpostua hutsik egon dela azken bi urteetan, eta elkarteak funtzionatu duela. Aurretik, pertsona bakar batek betetzen zuen funtzio hori, ondoren bik, eta taldean erantzuteko erabakia hartu genuen gero. Taldeak berak ordezkatu du ordura arte koordinatzaileak egindako lana. Talde horretan aritu garenok gure saileko lanak utzi gabe, koordinazioari dagozkion lanak ere egin ditugu.
Baina, egiturak funtzionatu badu ere, azken bi urteotan, funtzio konkretu batzuetan, nabaritu dugu hutsunea: guk gure lana egin dugu, izan dugu dedikazioa elkarteko koordinazio funtzioei erantzuteko, baina nabaritzen genuen premia epe ertain eta luzeko erronkei begira egongo zena pertsona batena. Askotan gure lana egunerokoak ematen dizkigun erronkei erantzutea izaten da, eta hain zuzen, koordinazio postuak eguneroko lanetatik begirada altxa eta hurrengo pausoetara begira jartzeko aukera ematen du. Horregatik, koordinazio lanetara bakarrik egongo den pertsona baten beharra nahiko hasieratik nabaritu genuen.
Kontziente gara oso arin mugitzen ari den gizarte batean kokatzeko, magnitude honetako kultur elkarte baten antolaketak edo estrukturak konplexutasun asko dituela. Eta, horregatik, koordinazioa taldean eramateak ikuspegi eta aberastasun handia ekarri digu. Beraz, nahiz eta ardura hau nik hartu, koordinazio taldeak ere martxan jarraituko du.
Zeintzuk dira Bertsozale Elkartearen lan ildoak?
Elkartea bat da, baina beso asko dituena eta antolaketa mailan izugarrizko dimentsioa du. Kultur proiektu mamitsu bat du, eta proiektu hori garatzeko sailka (ikerkuntza, Xenpelar Dokumentazio Zentroa, sustapena, komunikazioa, hedapena, hezkuntza, Lanku…) eta herrialdeka banatzen da, eta etengabeko elkarlanean ari da inguruko eragileekin. Gure kultur proiektuari erantzuteko badugu oinarri bat, 2018an 220 lagunen artean egindako gogoeta prozesutik datorrena, eta orduan hartutako erabaki garrantzitsuenetako bat da proiektu osoa hiru zehar-lerrok zeharkatzearena: feminismoak, lurralde artekotasunak eta belaunaldi artekotasunak.
Bestalde, iruditzen zait Bertsozale Elkarteak etengabeko gogoeta, elkarrizketa eta eztabaida behar dituela. Gure proiektua Euskal Herri mailakoa izanagatik ere, hartzen ditugun erabakiek ez dute eragin bera leku guztietan, baina oinarria partekatua izatea oso garrantzitsua da. Leku eta eskualde guztiek ez dituzte logika berak jarraitzen, eta hori dena lur hartzeko lan handia egin behar da. Teleskopio bat bezala da, zoomaren arabera gauza ezberdinek hartzen dute presentzia. Eta denak dira garrantzitsuak.
"Gure proiektua Euskal Herri mailakoa izanagatik ere, hartzen ditugun erabakiek ez dute eragin bera leku guztietan, baina oinarria partekatua izatea oso garrantzitsua da."
Horrek eskatzen digu barne mailan antolaketa handia izatea. Edozein proiektu kanpora ateratzerako barne mailan lan handia egin behar dugu: oinarri adostu bat behar dugu, baina gero proiektu bakoitzak garatzeko modu ezberdina izan dezake eta emaitza ere ezberdina izan daiteke.
Eta gure proiektuaren oinarrian daude bertso-eskolak, borondatezkoak eta sortzaileak eta komunitate oso bat dago. Gure ardura da horiek zaintzea. Adibidez, bertsolariez hitz egiten dugunean, multzo oso handi bat ari gara izendatzen, eta guztiek ez dituzte behar berak. Ogibidea sorkuntza bera duten bertsolariak daude; ogibidea ez baina bertsolaritza beraien karrera profesionalaren parte dutenak daude; edo beste batzuk aisialdirako erabiltzen dute bertsolaritza.
Eta bertso-eskolak eta borondatezkoak zaintzea eta lan horretan jarraitzea ere bada gure beste lan ildoetako bat. Azken finean, bertsolaritzaren osasunaz ari garenean, emaitzen arabera neurtzen dugu. Baina emaitza horiek bertso-eskolek eta borondatezkoek egiten duten lan izugarri eta ikusezin baten ondorio da. Azken urteetan egin duten lan onari esker dugu gaur egungo egoera, eta ezin dugu horretan arretarik galdu, beraien ekarpenek markatzen baitute etorkizunerako oinarria.
Zeintzuk dira hurrengo urteetarako erronkak?
Aipatu dudan moduan, 2018an ezarri genituen hurrengo 12 urtetarako oinarriak. Ordutik 6 urte igaro dira, egindakoa baloratu eta egiteko falta zaiguna lantzeko une egokia da.
Egungoari begira, erronketako bat ikusten dut gizartea mugitzen den abiadurara egokitzea. Iruditzen zait gure ingurua inoiz baino azkarrago ari dela mugitzen, eta bertsolaritzak, kulturak eta euskarak behar dituen oinarri batzuk kolokan jartzen ari direla. Esaterako: euskara bizitzen ari den egoera, gazte belaunaldien joerak, kontsumo ohiturak, teknologiaren garapena, globalizazioa… Egoera horretan nola kokatu euskarazko kultur adierazpide bat, bere molde eta tenpo bereziak dituena? Azkar erreakzionatzeko gaitasuna garatzean jarri behar ditugu indarrak. Somatzen dira aldaketa batzuk, alarma batzuk hasi dira pizten eta gure erronketako bat da gure elkartea eta proiektua non kokatu jakitea.
Bestalde, uste dut beste erronka garrantzitsu bat dela proiektu kulturalaren eta behar estrukturalaren arteko oreka bilatzea. Kanpora lan on bat egiteko barnekoak ondo engranatuta egon behar du, eta horrek lan eta dedikazio izugarria eskatzen du. Hau ez da kanpotik ikusten askotan baina gauzak ez dira bere kasa etortzen.
Eta uste dut elkarteari dagokion beste lan bat dela bertso munduan dauden ahots ezberdin guztiak entzutea. Gero praktikan oinarri eta norabide bat hartu behar du dena den, eta horrek gai batzuetan posizio bat hartu beharra dakar, bestela ez dago aurrera egiterik.
Zein unetan dago bertsolaritza momentu honetan?
Bertsolaritzak azkenengo hamarkadetan izan ditu fase ezberdinak, ezagunena 1990ko hamarkadako gorakada izugarri hori da; elkartearen sorrera bera ere testuinguru horretan etorri zen. Plazari begiratuta asko hazi zen bertsolaritza. Beste aro bat izan zen gorakada horren egonkortzearena (2010-2020). Hor izan zen aldaketa nagusia feminismoaren integrazioa izan zen. Plaza kopuruan baino plazaren nolakotasunean izan zuen eragina: beste pertsona batzuk, beste izen batzuk, diskurtso batzuk sartu ziren, beste gorputz batzuk.
Pandemiaren etorrerak eragin zuen ia-ia bere kabuz martxan zegoen eta gure ustez indartsu zegoen diziplina bat hauskor bihurtzea. Bi urte eman genituen egoera nahasi batean eta pandemiaren bukaerarekin ikusi da lehengo leku hori ari garela berreskuratzen. Baina niretzako orain momentu oso interesgarri batean gaude, ez baitakigu irakurtzen zein momentutan gauden. Beti da errazagoa iraganaren inguruan hitz egitea, baina zein momentutan gauden asmatzea oso zaila da.
"Gizartean dauden kezkek guregan ere eragiten dute: euskararen aurkako oldarraldiak esaterako."
Niretzako oso momentu interesgarria da, gure tokia berreskuratu dugulako, baina etor daiteke zerbait hori kolokan jarri dezakeena. Momentua bera aztertuta, bertso plaza kopurua ona da, plazetan jendea badabil, txapelketako publikoa gora doa, telebistako audientziek gora egin dute… Momentuko osasuna ona da, baina, aldi berean, datozen urteetarako tentuz ibiltzeko eskatzen digu zerbaitek. Eta nire ustez horren atzean dago gizartean dauden kezkek guregan ere eragiten dutela: euskararen aurkako oldarraldiak esaterako. Horrek eragin zuzena du bertsolaritzarengan: euskara dugulako izateko arrazoi eta oraindik ondorioak sumatu ez baditugu ere, horretarako prestatu behar gara. Erreakzionatzen hasi behar dugu ia-ia ondorioak nozitzen hasi baino lehen.