'Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan?' ikastaroa eskainiko dugu UPV/EHU ikastaroetan

2024/04/23
Uztailaren 4an eta 5ean izango da ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian. Matrikulatzeko epea zabalik dago, eta maiatzaren 31ra bitarte merkeagoa izango da.

Bertsolaritzari loturiko ikastaroa eskainiko dugu aurten ere UPV/EHU Uda Ikastaroetan Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan? izenburupean. Euskal Herriko Bertsozale Elkartetik bideratu da ikastaroa, eta uztailaren 4an eta 5ean eskainiko da Donostian, Miramar Jauregian.

Bat-bateko bertsogintza garaikidearen sorkuntza mailako kezkei buruz hausnartzeko eta gogoetak partekatzeko gune izango da. Halaber, botere harremanak bertsolaritzan eta gai libreko bertsogintzaren gakoak azalduko dira. Eta azkenik, edukizko lanketari buruzko hainbat argibide plazaratuko dira bertan.

 

Hitzaldiak eta mahai-ingurua

Hainbat hitzaldi eta mahai-inguru bat eskainiko dira egun bietan. Saioa Alkaiza izango da lehenengo eguneko aurreneko hizlaria, Diskurtso guztiak errespetagarriak dira? hitzaldiarekin. Segidan gaiak kantatzerakoan dugun zilegitasunari buruz ariko da Maider Arregi, eta botere harremanei buruz jarraituko du Onintza Enbeitak. Oihana Arana izango da eguneko azken hizlaria, eta bertsolaritza ideologikoki lerraturik ote dagoen hausnarketa ekarriko du mahai gainera. Eguna biribiltzeko, lau hizlariek mahai-ingurua osatuko dute, egungo bertsogintzako diskurtso, zilegitasun eta itzalei buruz.

Bigarren egunean beste hainbeste hizlari izango ditugu. Jexux Mari Irazu izango da lehenengoa eta libreko bertsogintzari buruz ariko da. Alaia Martin eta Imanol Artola izango dira hurrengoak, eta gai-jartzaile autoreari buruzko iritzia plazaratuko dute. Aitor Bizkarrak eta Oihana Iguaranek hitzaldi bana eskainiko dute egoera sozio-ekonomikoari kantatzen ote zaion hausnartuz. Azkenik, Oihane Pereak eta Beñat Gaztelumendik  Formatik haragoko lanketa bertso eskoletan; gaien eta ideologiaren lanketa hitzaldiak onduko dituzte, bakoitzak bere talaiatik.

Askotariko hitzaldiak eta hizlariak, edozein bertsozale, bertsolari, aritu zein adituentzako erakargarriak direnak dudarik gabe. Areago, bertsolaritzatik haragoko beste kultur esparruetako eragile zein sortzaileentzat ere zalantza, bidegurutze zein kezkez aritzeko aukerako plaza izango da ikastaroa.

 

Matrikula epea, zabalik

Gaur zabaldu da ikastaroan matrikulatzeko epea, eta www.uik.eus atariaren bidez egin daiteke. Hurrengoak dira prezioak: orokorra, 84 euro; erretretadunak, langabeak, ikertzaileak… 71 euro; 25 urte arteko gazteak, maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro (bestela, 59 euro). Prezioei buruzko informazio osoa hemen topatuko duzue.

Egitarau osoa hemen aurki dezakezue eta matrikula www.uik.eus atariaren bidez egin daiteke.