Nola landu bertsolaritza eskolan?

2020/05/26
Galdera hau eta beste hainbat erantzuten ahaleginduko gara "Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika" izeneko ikastaroan. Uztailaren 9an eta 10ean eskainiko da Donostiako Miramar Jauregian, UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan.

Ahozkotasuna modu eraginkorrean lantzeak ikasgela barrutik harago, kanpora begirako harreman ohituretan ere eragin dezake; eta ahozko kultur sorkuntzen bidez modu gozagarrian trebatu daiteke. Aurtengo UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan, Mintzola Ahozko Lantegiak antolatuta, Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika izeneko eskola eskainiko dugu: uztailaren 9an eta 10ean izango da, Donostiako Miramar Jauregian.

Egungo egoerak ekarri du berrikuntzarik, eta bi modutara egin ahal izango da ikastaroa: modu presentzialean, horretarako osasun neurriak zainduta eta horiek bermatzeko ikasgelan egon daitekeen lagun kopurua mugatuta, edota online. Bi eratarako izena ematea ezinbestekoa izango da.

Bertsozale Elkartetik, Mikel Artola hezkuntzako lankideak eta ikertzaileak ere hartuko du parte. Hizlari eta egitarau osoa, hemen.

Anima zaitez!

Modu presentzialean edo online jarraitu ahal izango da.