ÑO! Hitzetik Hortzera

2023/10/04
Eli Pagola, Miren Artetxe eta Maitane Gartziandia arituko dira solasean ÑO! komikiari buruz. Bilboko, Iruñeko, Lezoko eta Oñatiko bertsoaldiak izango ditugu larunbat gauean, 21:00etan, ETB1en.

Bertso saio baten bueltan gerta daitezkeen hamar eszena jaso dituzte ÑO! komikian.  Testuinguru eroso eta ez hain erosoetan emakume bertsolarien mamuak, trabak, heldulekuak eta aurrera egiteko tresnak islatu nahi izan dituzte. Emakume bertsolarien esperientziak erdigunean jarrita osatu dute lana Eli Pagola eta Miren Artetxe bertsolariek eta Maitane Gartziandia ilustratzaileak. Donostiako Aurresku tabernan elkartu da Mirari Martiarena hirukotearekin eta hitzorduan kontatutakoak eskainiko dira Hitzetik Hortzeran. 

Komikia udaberrian argitaratu zuten arren, orain bi urte abiatu zen proiektua eta komikia egiteko asmoa. Artetxe eta Pagola komikizaleak izanda, ikusi zuten buruan zeuzkaten ideiak eraman zitezkeela paperera; eta ideia horiek marraztu ditu Maitane Gartziandia ilustratzaileak. Bertsolaritzako hainbat egoera eta erabilitako aliantza estrategia desberdinei buruzko komikia osatu dute.

ÑO! komikia eskuartean hartzen duenak, ez du hitz eta bertso askorik topatuko, irudiak eta gorputzak baitute pisurik handiena. Komikiaren zirrikituen berri jakin nahian bestelako galderak ere egingo dizkie Martiarenak Artetxeri, Pagolari eta Gartziandiari. 

Lau bertso plaza 

Lau saiotako bertsoaldiak entzuteko aukera izango dugu aste honetako Hitzetik Hortzeran: Bilboko, Iruñeko, Lezoko eta Oñatiko saioetako bertsoaldiak eskainiko dira. Lau bertso plaza eta hamaika bertsolari kantuan; besteak beste, aipatutako saio horietan aritu baitziren kantuan Aitor Bizkarra, Alaia Martin, Amaia Agirre, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Nerea Elustondo, Saioa Alkaiza, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga

Ohiko ordutegira itzuliko da aste honetan Hitzetik Hortzera: larunbat gauean, 21:00etan, ETB1en; eta edonoiz EITB Nahieran atarian.

ÑO! komikiaren egileekin elkartu da Mirari.