Nikolas Segurolak gidatuko gaitu igandeko Hitzetik Hortzeran
Bertsozaleentzat aurpegi ezaguna da Nikolas Segurolarena, bertsotan, gai-jartzen eta epaile lanetan aritu izan baita. Arantzazun fraidea da eta artzaintzan ere jarduna, Arantzazuko Gomiztegi baserrian artzain asko trebatua da Nikolas Segurola. Horrez gain, argitaratu berria da bere biografia: Nikolas Segurola. Fraide, artzain eta bertsolari. Hitzetik Hortzerako lan-taldea Arantzazun izan ginen, eta berak kontatutako kontu eta pasadizoekin josiko dugu igande honetako programa.
Artzaintzari buruzko historikoa
Aste honetako bertsoaldi historikoan ere izango du lekurik Nikolas Segurolak. Artzainaren eta artzain-txakurraren larruan jarri zituen Sebastian Lizaso eta Iñaki Murua, eta bertsoaldi bizi eta umoretsua eskaini zuten biek.
Eta, nola ez, plazako ohiko jardunak ere bere lekua izango du aste honetako programan. Bi saiotako bertsoaldiak izango dira aste honetan. Azaroaren 18an, Legazpin kantuan aritu ziren Mikel Artola, Amets Arzallus, Oihana Iguaran eta Alaia Martin, Ane Beloki gai-jartzaile zutela. Azaroaren 25ean, berriz, Zarautzen kantatu zuten Rosi Lazkanok, Felix Zubiak, Sustrai Colinak, Oihana Iguaranek, Danel Olanok eta Ainhoa Agirreazaldegik Ion Zalduak gidatuta. Bi saio horietako bertsorik onenak ekarriko ditugu Hitzetik Hortzerara.
Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.