Nikolas Aldai zendu da
Bertsoen bilketan lan izugarria egindakoa zen Nikolas Aldai. 1947an Errezilen jaioa, Hondarribian bizi zen egun. Hainbat hedabidetan aritua, berak sortu eta gidatu zuen Euskadi Irratiko Hitza Jolas saioa (Eta Hitza Jolas bihurtu zen izenekoa garaia hartan). Hala, bertsoen grabazio bilduma handia osatu zuen Euskadi Irratian zegoela.
"Hasi zenean (Eta Hitza Jolas bihurtu zen), nire helburua zen erabateko tratamendu integrala egitea bertsolaritzari. Alde batetik, ikuspegi historikoa lantzea; eta, bestetik, egunerokotasun garaikideari garrantzia ematea", azaldu dio esatari ohiak Antxoka Agirre kazetariari, Bertsolari aldizkariak bere azken alean (119.zbk) argitaratu berri duen elkarrizketan.
Irratiko lanean
gozo ta ganoraz;
momentuko sorkuntzaz
ta lehengo eskolaz.
Gaur atzo bezalaxe
hitza dugu jolas...
Zuri' re zor dizugu
mila esker Nikolas!