Nazioarteko Inprobisatzaileen Birako saioak, Bertsoa.eus atarian

2018/10/16
Iruñeko eta Donostiako emanaldietan bildutakoa ikusgai eta entzungai izango da sareko plazan. Gainera, Aitor Sarriegirekin solasean izan da Bertsoa.euseko lantaldea: elkarrizketa, ostegunean.

Pasa den astean, asteartetik igandera bitarte, batera eta bestera ibili da Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira: Araceli Argüello payadore argentinarrak eta Tomasita Quiala repentista kubatarrak, Amets Arzallus, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Xabi Igoa bertsolariak izan dituzte lagun oholtzan. Bertsoa.eus-eko kamerek Iruñeko eta Donostiako emanaldiak hartu dituzte eta orduko onena laster izango dugu ikusgai eta entzungai. Bestalde, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketako lagina eta Iurretako jaialdikoa ere izango dira aste honetan bertsolaritzaren atarian.

Baina dena bertsotan ez, eta hitz lauari ere tartea egingo zaio: Aitor Sarriegirekin hizketaldia izan eta ostegunean izango dugu sarean. Bertsolaritzaz orokorrean eta bere ibilbideaz hitz egin du beasaindarrak, eta baita txapelketan atera zuen doinuaz eta agurraz ere.

Eta noski: Xilabari jarraipena, Pello Errota Sariketari, agendari...

Birak emandakoa ikusgai eta entzungai izango da aste honetan, Bertsoa.eus atarian.