Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira, urriaren 9tik 14ra
Mintzola Ahozko Lantegiak eta Lanku Kultur Zerbitzuak elkarlanean sortutako ekimena da Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira. Munduko beste kultura eta hizkuntzetako kantu inprobisatuen inguruko ezagutzari jarraipena eman asmoz, Kubako, Argentinako eta Euskal Herriko inprobisatzaileak arituko dira kantuan urriaren 9tik 14ra.
Atzo aurkeztu zen bira Iruñeko Kondestablearen Jauregian: Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura eta Hezkuntza alorreko zinegotzi ordezkariak eta Julio Soto bertsolari eta birako parte-hartzaileak eman zituzten xehetasunak. Kubako Tomasita Quiala repentistak eta Araceli Argüello payadore argentinarrak hartuko dute parte, Amets Arzallus, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Xabi Igoa bertsolariekin batera, eta Iker Iriartek eta Maite Berriozabalek gidatuko dituzte saioak. Iruñean hasiko da bira eta Erandion, Hernanin, Gasteizen, Baionan eta Donostian egingo du geldialdia.
Tokian tokiko erakundeekin aritu dira elkarlanean Mintzola eta Lanku saioak antolatzeko: Iruñeko, Erandioko, Hernaniko eta Gasteizko udalak, Euskal Kultur Erakundea, Haizebegi Festibala, Donostia Festak eta Donostia Kultura Erakundea. Era berean, Donostia 2016k proiektua babestu du, Kultur Hiriburutzaren urtean gauzatutako nazioarteko topaketaren antzerakoei jarraipena emateko.
Informazio gehiago, www.mintzola.eus atarian.