Nazioarteko inprobisatzaileak igandeko Hitzetik Hortzeran
Batzutan norbere zilborretik begiak altxatzea bezalakorik ez dago eta lan hori egiten ahaleginduko gara igandeko Hitzetik Hortzeran. Izan ere, bertsolaritza oso gurea da, baina ez da horren bakana. Bertsolaritzak bestelako kantu inprobisatuekin duen harremana ez da hain aspaldikoa eta igandeko programan bi adibideren berri emango dugu. Oraingoan Argentinako Araceli Argüello payadorearekin eta Kubako Tomasita Quiala repentistarekin egin dugu trukea Nazioarteko Inprobisatzaileen Biran, eta esperientzia honen oholtzakoak eta oholtzapekoak ekarriko ditugu pantaila txikira.
Iruñeko eta Donostiako emanaldietako bertsoaldiak ikusgai
Tomasita Quiala repentista kubatarra da, Madruga eskualdekoa. Gaur egun repentismoaren erreferente nagusienetakoa da eta profesionalki horretan aritzen da. Repentistek banaka edo binaka kantatzen dute gitarra-jotzailea dutela. Maitasunari, bizitzari, tristurari… kantatzen diete, baita gai serioei ere. Quiala bereziki umoretsua eta adar-jotzailea da, eta hori ikusteko aukera izango da igandeko programan. Tomasita bigarren aldiz etorri da Euskal Herrira, duela 20 urte ere hemen izan baitzen. Besteak beste, Kuban repentismoaren egoerari buruz eta duen oihartzunari buruz galdetuko dio Eider Perez aurkezleak.
Araceli Argüello payadorea Pozo del Monte herrikoa da, Argentinako Kordoba probintziakoa. Payadoreak tradizionalki bakarka edo binaka aritzen dira. Doinu eta neurri askotan kantatzen dute eta gitarra ere beraiek jotzen dute. Araceli lehen aldiz etorri da Euskal Herrira eta bizitakoari buruz galdetuko diogu. Gainera, payadorea izateko grina nondik datorkion jakingo dugu eta bere hasierako uneak nolakoak izan ziren ere ezagutuko dugu.
Urriaren 9an Iruñeko Zentral aretoan eman zitzaion hasiera Inprobisatzaileen Nazioarteko Birari. Araceli Argüello eta Tomasita Quialarekin batera kantuan aritu ziren Maialen Lujanbio eta Julio Soto bertsolariak. Gai-jartzaile lanak Iker Iriartek egin zituen. Urriaren 14an, aldiz, Donostian egin zen bira amaierako emanaldia Antzoki Zaharrean. Han Julio Soto, Amets Arzallus eta Jone Uria bertsolariak izan ziren eta gaiak jartzen, Saroi Jauregi.
Birako lehen eta azken emanaldietako bertsoaldiekin gozatuko dugu igandeko programan, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera EITBko Nahieran orrian.