Nafarroako bertsolaritza, egonkortzeko bidean
Orekaren sokan urte luzez kili-kolo egon ondotik, gaur egun gure egitasmoa egonkortze eta hazkunde fase batean dagoela erran dezakegu. Genituen herri, eskualde, bertso eskola eta ikasleak izaten jarraitzen dugu, eta, zorionez, berriak ere batu zaizkigu. Modu batean edo bertzean, lehen bertsoa iristen ez zen eskualde batzuetara ailegatu gara.
2018an Kultur Intereseko Ondasunaren izendapena lortu zuen bertsolaritzak Nafarroan. Administrazioaren begietara, zaindu beharreko altxorra da bertsolaritza.
Gaur egun, beraz, bertsolaritza ez dago eskualde bakar batzuetara mugatua, garai batean bezala. Gure egitasmoa hazi egin da: hazi hedapen geografikoan, hazi proiektuetan, eta hazi plaza berrien lorpenean ere. Bertsoa oinarri duten ekitaldiak Nafarroan zehar eskuin-ezker, goiti-beheiti, ugariak dira, lekuak eta herriak ugariak izan diren bezalaxe.
2018an Kultur Intereseko Ondasunaren izendapena lortu zuen bertsolaritzak Nafarroan. Administrazioaren begietara, zaindu beharreko altxorra da bertsolaritza. Horrek esperantza ematen digu, gure jarduna zokoratuta geratu ez dadin, eta erakundeak bidelagun, gure proiektua modu duinean garatzen jarraitu dezagun. Bertsolaritzaren transmisioa da, hain justu, proiektu horren zutarri nagusietako bat. Arlo horretan egin den lan onaren adibide etorri da gazteen plazaratzea. Azken urteetan begi bistakoa da gure oholtzetan gazteen presentzia handitu dela, eta, beraz, ereindako haziak fruitua eman du. Hezkuntza arautuan, bertso eskoletan eta aisialdi eremuan egindako lanaren uzta jasotzen hasiak gara.
Bertsoa bidelagun hartuta, gure moduan Nafarroako euskalduntzeari ekarpena egiten ahalegintzen gara. Bertsoaren oinarria den hizkuntza indartzeko baliatzen dugu gure lanabesa, gure afizioa, gure interesa: bertsolaritza.