Nafarroako bertsogintza: hedatu ahala indartu
Ez gara lurralde homogeneo batean bizi, oso bestelakoa baita euskararen egoera Nafarroako mutur batetik bestera: zonifikatutako herrialdean, D eredua ez da oraindik iritsi gure luze-zabal guztira, eta haur batzuek ez dute euskaraz ikasteko eskubiderik; hizkuntzak ez du lege babes berdina eremu batean zein bestean; eta erabilera oso ezberdina da zonaldearen arabera; eta, dena dela, Nafarroako Bertsozale Elkartea hazten ari da hedapen geografikoan, plaza berrien lorpenean, baita proiektuetan ere. Muga guztien gainetik, tradizionala bezain garaikidea den ahozko ondarea zabaltzen dihardugu.
Hezkuntza Arautuko proiektuarekin gero eta ikastetxe gehiago barnebiltzen ditugu eta inoiz iritsi gabeko guneetara joaten ari gara, Piriniotatik Tafallara, gelaz gela goaz; Bertso Eskolak askotarikoak dira eta profil guztietako ikasleak daude eskualdez eskualde, gainera, zaila bada ere, ahalegintzen ari gara Bertso Eskola horiek errotzea lortu, eta tokian-tokian eragin dezaten. Txikitik aritzea da gure asmoa. Plazei dagokienez, aspaldi bertsorik entzun gabeko tokietan gaude egun, izan ohiko saioekin zein saio bereziekin. Beratik Leitzara, Altsasutik Erronkarira eta Lizarratik Iruñerrira, bertsotan ari da Nafarroa. Edo horretan saiatzen ari gara, behintzat.
Bertsolarien, bertsozaleen eta bertso-plazen profila zabaldu egin da, hibridoa, berritzailea, tradizionala eta apurtzailea da gure bertso errealitatea
Eta nabarmenak dira, era berean, eskuartean dauzkagun egitasmoak: esaterako, Nafarroako Bertsolari Txapelketarekin buru-belarri gabiltza udazkenean, behin ohiko data aldatuta; Bertso Eskoletako haurrak eta gazteak negulekuetara eramanen ditugu abenduan, bertsoarekin gozatzeaz gain, elkarrekin hazi eta ikas dezaten; Bardoak taldekako proiektuak kolektibotasuna eta talde-lana jarri ditu erdigunean, eta auzolan horrek izanen du aurrerantzean ere jarraipena, denon ekinari esker; eta Nafarroako emakumeok* Gure aldetara bertso musikatuen disko kolektiboa kaleratu berri dugu, ahaztutako bertsolariak oroitzeaz gain, oraingo ahotsen berri kantuz eman asmoz. Dabilen harriak, goroldiorik ez.
Horregatik, gu ere mugimenduan gabiltza, eta mugimendua gara, eta horren ezaugarri nabarmenena aniztasuna da: gazteen presentziak gora egin du plazetan, fruituak eman baititu urteetan ereindako uztak, horrela mikro aurrean daude orain Bertso Eskoletako haurrak izan ziren horiek; eta bertsolarien, bertsozaleen eta bertso-plazen profila zabaldu egin da, hibridoa, berritzailea, tradizionala eta apurtzailea da gure bertso errealitatea. Ertzak dauzkate plazek, bertsolariek, ikuspegiek eta ahotsek. Ez gara zuri-beltzean ari.
Bide onetik goazelakoan gaude, amalgama zabal baten jabe, akatsak akats eta oztopoak oztopo, bertsolaritza zaintzen eta hauspotzen, kulturgintzan sakontzen eta euskalduntzean gure aletxoa jartzen.