Nafarroako bertso eskoletako hiztun berriak aztertuko ditu saritutako ikerketa proiektuak
Iaz abiatutako bideari segida emanez, aurten ere hitzarmena sinatu dute Bertsozale Elkarteak eta Euskarabidea Nafarroako Euskararen Institutuak, lurraldeko bertsolaritza dokumentatu eta ikertzeko asmoz. Aurreko urtean bezalaxe, Nafarroan urtean zehar antolatzen diren bertso saioen lagin garrantzitsu bat dokumentatzea da hitzarmenaren xedeetako bat. Horretarako, emanaldi ezberdinen argazkiak, audio eta bideo grabazioak, afitxak eta bestelakoak bildu eta katalogatuko dira. Gainera, bertsolaritzaren mugimenduan erreferente diren pertsonen biografiak sortu edo berrituko dira, eta mugimendu horretan pisu nabarmena izan duten hiru pertsoneri elkarrizketa sakonak ere egingo zaizkie, ondarea jaso asmoz. Bertsoaldien transkripzioak ere egingo dira, bai eta transkribatzen trebatzeko ikastaroak ere.
Bestetik, Nafarroako bertsolaritzari buruzko ikerketa sustatzea du helburu hitzarmenak. Zentzu horretan, ikerketa deialdia jarri zen martxan pasa den apirilean. Behin hautagaitzak aurkezteko epea bukatuta, ikerketarako laguntza Miren Artetxek, Ekhiñe Zapiainek eta Sarai Roblesek aurkeztutako Hiztun berriak eta ez hain berriak Nafarroako bertso eskoletan proiektuari ematea erabaki du epaimahaiak. 4.000 euro jasoko dituzte, urtebeteko epean proiektua gauzatzeko.
Hain zuzen ere, Nafarroako haur, nerabe zein helduen bertso eskoletan aritzen diren hiztun berrien -alegia, euskara etxean jaso ez dutenen- proportzioa eta nolakotasuna aztertu nahi du ikerketa taldeak, bai eta presentzia horretan aldagai ezberdinek -adinak, generoak, eremu soziolinguistikoak- izan dezaketen eragina ere. Baina kopuruz harago, hiztun berri horien diskurtsoak eta esperientziak aztertu nahi dituzte, kide horien hiztun-legitimitatean eta bertsolari-legitimitatean arakatzeko: "Izan daiteke bertsolari legitimo eta hiztun berri? Zein heinetaraino? Nola baldintzatzen ditu gure hiztun-legitimitateari buruzko ideologiak bertsolari hiztun berriekiko pertzepzioak, igurikapenak, eta balorazioak?".