Mutiloa, Zubiri eta Lezoko bertsoak asteon Bertsoa plaza digitalean

2015/02/17
Informazioaren alorrean, Bertso-Korrikaren gaia landuko du Bertsoak osteguneko erreportajean

Otsaileko bi klasiko eta Nafarroako Txapelketa izango dira aste honetako bertso eskaintza sareko plazan. Lezon, Beñat Gaztelumendi, Jon Maia, Onintza Enbeita eta Andoni Egaña aritu ziren bertsotan, Gezala aretoan. Mutiloan, Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano, Iñaki Murua eta Aitor Mendiluze, afal ondoan. Zubirin Nafarroako Txapelketako hirugarren final-laurdena jokatu zen: Aimar Karrika, Amaia Elizagoien, Joseba Beltza, Oskar Estanga, Saioa Alkaiza eta Sarai Robles aritu ziren bertsotan.

Bertso-korrika

Joan den astean hasi zen Bertso-Korrika Hendaian, saio gehienak martxoaren 1etik aurrera egingo badira ere. Bertsoak ekimen interesgarri honi buruzko erreportajea argitaratuko du ostegunean.

Nafarroako eta Arabako Txapelketak

Informazio alorrean, Nafarroa eta Arabako txapelketen gertuko jarraipena egingo du Bertsoak. Araban, finalaurrekoetako azken itzulia hasiko da Aramaion larunbatean eta emaitzak zuzenean emango ditugu. Nafarroan final-laurdenetako azken bi saioak jokatuko dira Lizarran eta Lakuntzan.

Emakumezko bertsolarien testigantza zaharrenak?

Ezagutzen diren emakumezko bertsolarien lehenengo testigantzak izan litezkeenak aurkitu berri dituzte Asteasun (Gipuzkoa). Horren berri ere eman du Bertsoak aste honetan.