Musika eta doinuez bete-bete eginda dator igandean Hitzetik Hortzera
Doinu berrien sortzea azalduko du urriaren 19ko Hitzetik Hortzerak. Zergatik sortzen dira? Zertarako? Nolakoa da prozesua? Eta plazaratzea?
Pasa den Txapelketa Nagusian sei bertso doinu berri plazaratu ziren. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Igor Elortza, Odei Barroso, Unai Agirre eta Aitor Sarriegi izan ziren horien egile, sortzaile… Euren ahotan izango ditugu erantzunak
Emanaldi berezia prestatu zuen Eñaut Agirrek Fernando Amezketarraren oroimen ekitaldietan. 250 urte bete dira aurten Fernando jaio zenetik, eta haren eta bere garaikide zenbaiten bertsoak ardatz hartuta bertso-kantaldia egin zuen Eñaut Agirrek, Imanol Kamiok pianoz eta Aitor Atxegak gitarraz lagunduta, Amezketako Kultur Etxean. Horren aukeraketa eskainiko du Hitzetik Hortzerak.
Eta egun berean bertso afaria egin zenez Amezketan, hango bertso onenak aireratuko ditu aste honetako programak.
Anjel Mari Peñagarikano eta Millan Telleria beteranoen pasadizoak eta gaztexeago diren, Jexux Mari Irazuren, Iñigo Gorostarzu edo Haritz Mujikaren zirikatzeak eta ariketa bereziak bildu dira.
Musika eta doinuez bete-bete eginda dator igandean, urriak 19, arratsaldeko 15:00etan ETBk eskainiko duena.
HITZETIK HORTZERA, igande bazkalostetan ETB1n. Eta eitb nahieranen.