Murgil nadin kantu inprobisatuan, gogua dedan orduan
Goizeko jardunaldi akademikoetan entzundako teoria praktikan ikusteko aukera eskainiko dute Europa bat-bateanen baitan uztailean gauzatuko diren arratsaldeko emanaldiek. Astelehenean hasi eta larunbata bitarte izango dira saioak egunero, 19:00etan hasita. Emanaldiok toki ezberdinetan izango dira eta bakoitzak bere izaera izango du. Ia saio guztietan Maite Berriozabal eta Alaitz Rekondo izango dira aurkezle, eta asteazkenekoan Uxue Alberdi ariko da.
Astelehenean portuko arranplan izango da saioa eta itsasoarekin lotura duten herrialdeak ariko dira han: Euskal Herria, Gales, Kuba eta Zipre. Avante emanaldian,Amets Arzallus eta Andoni Egaña ariko dira bertsotan.
Kontrakorrienteko saioa izango da asteartekoa; emanaldi hori prestatzen aritu diraEneritz Artetxe, Eneko Beretxinaga, Haritz Casabal eta Arkaitz Oiartzabal. Donostia 2016ren egoitza hartuko du saioak eta Euskal Herriko inprobisatzaileekin batera ariko dira Austriakoak, Mallorcakoak eta Mexikokoak. Alaia Martin eta Julio Sotoizango dira kantuan.
Tabako, Ron eta Kanelaz lurrinduko gara Tabakaleran asteazkenean. Goizeko jardunaldi akademikoetan zein emanaldian genero ikuspegia landuko da eta emakumea izango du protagonista arratsaldeko saioak. Euskal Herriko, Galesko, Kubako, Mallorcako eta Mexikoko emakume inprobisatzaileak ariko dira kantuan.Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza izango dira bertsotan, Kristina Solano musikaria lagun dutela. Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi eta Ainhoa Aranburu dabiltza buru-belarri saioa prestatzen.
Ostegunean Gogua dedan orduan saioa izango da kalean, poteo formatuan. Donostiako alde zaharrean egingo da, Boulevardetik abiatuta eta Euskal Herriko inprobisatzaileekin batera ariko dira Austriakoak, Galeskoak, Kubakoak, Mallorcakoak, Mexikokoak eta Ziprekoak. Etxekoak, Manex Agirre, Andoni Egaña eta Ane Labaka izango ditugu. Maider Arregi, Pello Basurto, Unai Gaztelumendi aritu dira prestaketa lanetan.
Miren Amuriza, Amets Arzallus, Ane Labaka, Alaia Martin eta Julio Soto izango dira bertsotan Donostiatik kanpo egingo den saioan, Oñatin. Bezperan aritutako herrialdeen ahotsak entzun ahal izango dira saio honetan ere. Oñatiko Bertso Eskolak atondutako saioan, ibilbidea ere zehaztuta dago: Boga, Bizipoz eta Ona tabernetan ariko dira inprobisatzaileak eta handik garagardo azokara joango dira.
Uztailaren 16an jaialdi handia egingo da Kursaalen. Aste guztian zehar parte hartu duten Miren Amuriza, Amets Arzallus, Ane Labaka, Alaia Martin eta Julio Soto ariko dira bertsotan eta horiekin batera kanpotik topaketara etorritako beste sei ordezkaritzak: Austria, Gales, Kuba, Mallorca, Mexiko eta Zipre. 2003an Ahozko Inprobisazioa Munduan topaketa egin zenean, jaialdi handi batekin biribildu zen ekimena Euskaldunan eta aurten ere behar bezalako amaiera emateko asmoz eskainiko da Kursaaleko emanaldia. Jon Martinek osatu du emanaldiaren gidoia.
Asteleheneko, asteazkeneko eta larunbateko saioek sarrera dute; gainerakoak doakoak dira. Sarrera behar duten emanaldietarako txartelak www.bertsosarrerak.eus atarian topa daitezke.
Eskaintza zabala; aitzakiarik ez, beraz, kantu inprobisatuaren jai handira ez batzeko!