Mungian ibiliko da igandeko Hitzetik Hortzera

2018/02/01
Ziklo berrian murgildu zen larunbatean Bertso Eguna: ibiltari bihurtu da herriz herri ibiltzeko bokazioz. Mungian izan zuen lehenengo geltokia, eta bertan izan ziren Hitzetik Hortzerako kamerak. Hiru bertso-bazkariek eta jaialdiak emandako bertso onenak eskainiko ditugu igandean, eta Jone Larrinagak eta Ibon Larrazabal "Larra"k herriko bertso-eskolaren nondik norakoak azalduko dizkigute.

Aro berri batean sartu da Bertso Eguna. 47 edizio Donostian egin ondoren, hiriburutik atera eta herriz herri ibiltzeko asmoa du aurrerantzean, ibiltari bilakatuta. Mungian izan zuen lehenengo geltokia joan zen larunbatean, eta bertan ibili ziren Hitzetik Hortzerako kamerak.

Egitarau oparoa izan zuen ziklo berriko lehenengo Bertso Egunak. Goizean letragintzaren inguruan aritu ziren Jon Maia, Rafa Rueda eta Maria Rivero, Alaia Martin gidari zutela. Ondoren, eguneko berrikuntza nagusietako bat iritsi zen: hiru bertso-bazkari aldi berean, herriko hiru elkartetan. Julio Soto eta Onintza Enbeita jardun ziren Ehiza eta Arrantza Elkartean, Miren Amuriza eta Jon Maia Anaitasuna Elkartean eta Jone Uria eta Igor Elortza Guri Zer Elkartean. Hirurak grabatu ziren, eta saioetako une distiratsuenak erakutsiko dizkizuegu igandeko programan.

Bazkarietan bertsoz ase ez zirenentzat azkeneko platera geratzen zen oraindik: bertso jaialdia. Bost bertsolari aritu ziren kantuan Alaitz Rekondok gidatuta: Oihana Bartra, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Manex Agirre eta Amets Arzallus. Aldamenean, luxuzko gonbidatuak izan zituzten lagun: Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreak, Adrian García de los Ojos musikaria eta Jon Martin bertsolaria, sortak kantatzen. Ederra atera zen saioa, eta bertsorik onenak ikusgai izango dira Hitzetik Hortzeran.

Mungiaren berri bi herritarren ahotan

Eta igandeko programa biribiltzeko, bi gonbidatu izango ditugu: Jone Larrinaga eta Ibon Larrazabal "Larra". Mungiako Taket bertso-eskolako kide dira biak, eta han egiten duten lanaren eta Mungiaren berri emango digute. Eta, noski, Bertso Eguna herrian ospatzeak ekarriko dienaren inguruan ere ariko dira. Mungia ezagutzeko laguntzaile ederrak izango ditugu beraz.

Hau guztia igande bazkalostean, 15:00ak aldera izango dugu ikusgai ETB1en. Eta zuzenean gozatu ezin duenak Internetez Nahieran ikusteko aukera izango du.

Jone Larrinaga eta Ibon Larrazabal "Larra" Mungiako bertso-eskolako kideak dira.