Munduko kantu inprobisatuak bilduko dituen topaketa, BertsoZalean

2016/06/21
Gainera, Euskal Herriko Bertso Eskolen Egunaren data ere aurreratu du ikasturteko azken berripaperak; irailaren 17an izango da Portugaleten.

Udako etenaldiaren aurretik, datozen hilabeteetan izango diren hamaika kontu dakartza BertsoZaleak.

Europa bat-batean Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketak hartu du berripaperaren azala. Uztailaren 11tik 16ra izango da topaketa eta munduko zazpi kantu inprobisatu zuzenean entzuteko aukera eskainiko du; baita goizez izango diren jardunaldi akademikoetan beste hainbat adierazpide ezagutzekoa ere. Donostiako portuan, Tabakaleran eta Kursaalen izango diren emanaldietarako sarrera behar da eta salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Era berean jardunaldi akademikoetarako matrikula epea zabalik da uztailaren 6ra arte eta izena emateko www.uik.eus atarian sartu behar da.

Miramar Jauregian gauzatuko diren jardunaldi akademikoen ingurukoak biltzen dituen elkarrizketa ere badakar BertsoZalearen 175.aleak; Karlos Aizpurua Mintzolako zuzendaritza kideak eman ditu azalpenak.

Irailerako bi hitzordu ere gogorarazten ditu BertsoZaleak. Batetik, irailaren 17an ospatuko da Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna Portugaleten eta han abiatuko da Bertsotruk berriro. Egitaraua irailean bertan iragarriko da eta bazkaritarako txartelak irailaren 2tik 12ra jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus atarian. Hain zuzen, irailaren 12an bertan amaituko da baita ere Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak deitutako ikerketa deialdietarako eskaera egiteko epea. Aurten bi ikerketa kontratu dira eskainiko direnak, UPV/EHUko Ikerketa eta Euskara Errektoreordetzekin batera, eta hiru proiektu sari.

Alea osatzeko, BertsoJazza, Iruñeko sanferminetako bertso-egitaraua, Xabier Amurizaren agurreko bertsoa eta poto-finixa eta Aimar Karrikaren puntua biltzen ditu ekaineko BertsoZaleak. 176. zenbakia, irailetik aurrera: uda on!

Udako kontu ugari dakartza ikasturteko azken BertsoZaleak...