Miren Agur Meabe Hitzetik Hortzeran

2022/02/17
Idazle lekeitiarrarekin elkartuko gara aste honetako programan. Lasarte-Oriako bertso saio literarioa gidatuko du, eta aitzakia hori baliatuko dugu bere bertsozaletasunaz, poetikaz eta hizkuntzaren geruzez hitz egiteko. Gainera, Ordiziako Tximista sagardotegiko bertso afaria ere eskainiko dizuegu. Hitzetik Hortzera, larunbatean, ETB1en.

Idazle bat gai jartzaile bilakatzen da urtero Lasarte-Oriako bertso saio literarioan, eta aurten Miren Agur Meaberi egin zaio gonbidapena. Idazle lekeitiarrak bere Bilboko etxeko ateak ireki dizkigu, eta bertan kontatu dio Hitzetik Hortzerari nola prestatu duen saioa.

Ibilbide luze eta emankorra da Meaberena. Poesia, haur eta gazte literatura, ipuingintza zein eleberria, genero ugari eta beste hainbeste sari ondu ditu urteotan. Iaz, Espainiako Poesia Saria jaso zuen Nola gorde errautsak kolkoan lanagatik; Euskarazko liburu batek sari hori jasotzen duen lehen aldia izan da.

Bertso saio literarioa Lasarte-Orian eta bertso afaria Ordizian

Hirugarren aldia du gai-jartzaile lanetan, eta bere esparrua ez den arren, eroso sentitzen dela aitortu digu Miren Agur Meabek. Bertako idazleak izango dira bertsotarako abiapuntu, eta baita herriko arkitektura, sinbologia, toponimia edo artea ere.

Bertso saioa literarioan kantuan arituko dira Ane Labaka, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi, Miren Agur Meaberen gaiekin. Ordiziako Emaneurre taldeak, aldiz, bertso afaria antolatu du Tximista sagardotegian. Kantuan izango dira Iker Zubeldia, Nerea Ibarzabal eta Saioa Alkaiza, Igor Egurenen gaiekin.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en. Eta edonoiz, EITB Nahieran atarian ere bai.

Miren Agur Meaberekin elkartu da Eider idazlearen etxean.