Mintzolak esleitu ditu ikerketa sariak
Bertsoaren Agenda. Agenda Setting-ak bertsolaritzaren diskurtsoan duen eragina proiektuak eskuratu du Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Euskara eta Ikerkuntza Arloko Errektoreordetzek esleitutako ikerketa kontratua. Oihana Iguaran Barandiaranek aurkeztu du; bertso bidezko diskurtsoak zein agenda duen deskribatzea da asmoa, prestakuntza edo entrenamendu unetik jendaurreko azken bat-bateko jardueraraino ikertuz. Txapelketa eta plaza irekiko jarduna behatuko da batetik; bestetik, bertsolari eta gai-jartzaileen lanketa ezagutzeko, inkestak eta sakoneko elkarrizketak baliatuko dira.
Ikerketa kontratua UPV/EHUn gauzatuko du Iguaranek; urtebeteko kontratua da esleitu zaiona, beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin. Kontratu honetaz gain, 2.000 euroko bi proiektu sari ere esleitu ditugu Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak: Jon Gurrutxaga Urbietaren Nazio-identitatea, nazio-gatazka eta diskurtsoaren bilakaera Bertsolari Txapelketa Nagusian (2001-2017) lanarentzat izan da sarietako bat, eta Kepa Matxain Iztuetaren Ahozko hizkeraren balioa bertso kanonaren eraikuntzan: Xabier Amurizatik Maialen Lujanbiora (1980-2017) proiektuarentzat, bestea.
Informazio gehiago, www.mintzola.eus atarian.