"Mintzo kantatuaren plazerra" transmitituz

2015/07/09
Jon Sarasua, Joseba Tapia eta Estitxu Eizagirrek heldu diote transmisioaren gaiari.

Hiztunpolis bere liburuko adierazpen sortarekin biribildu du Jon Sarasua bertsolariak eta euskal kulturgintzan adituak “mintzo kantatuaren plazerra” edo bertsolaritzaren gaineko transmisioaren inguruko bere hitzaldia. Transmisiorako publiko batentzat ari diren kulturgile profesionalak eta komunitate batentzat ari diren kulturgile amateurrak, biak beharko direla adierazi du Sarasuak. “Transmisio lan lodia egin da gurekin” azaldu du Sarasuak eta hala transmisio horretarako bideak aipatu ditu: “etxean asko, eskola arautuan, ez arautuan eta gizarte jardunean ere bai”.

Joseba Tapia musikariak hartu du hitza gerora. Tradizioaren ezagutzan egiten den bidearekin eman dio hasiera hitzaldiari: “gaztetan influentzia berriak ezagutzeko ez dugu erreparorik, baina gerora konturatzen gara aspaldiko kantuetan egon daitekeela zerbait...” eta hizkuntzarekiko ere kontzientzia hartzen dela. Kantuaren izaera kritikoa ere aldarrikatu du, bere ibilbidean gertatutako pasarteak berreskuratuz eta igorritako mezuengatik jasandako haserrealdiak kontatuz; hori guztia soinua eta gitarra lagun zituela. Kanpoan izandako pasarteak  laburbilduko lituzkeen mezua bota du amaitze aldera: “musika nahi dute, baina ez kantua. Euskararen exotismoa nahi dute, ez mezua”.

Etenaldiaren ostean, Estitxu Eizagirre ARGIAko zuzendari eta bertsolariaren txanda izan da. Bertso-eskolaren bestelako eredu bat proposatu du Eizagirrek: “Bertsolaritzarekin lotu izan den iruditegia plazakoa da, eta bertsolaritza hori baino anitzagoa da”. Denetariko publikoa batzen duen plazak bertsokera bat eskatzen duela azaldu Eizagirrek eta ea hori ez ote den publiko zailena; gainera, hori lantzen ari den bitartean, txapelketako bertsokera eredu hartuta, gertuko publikoarekin eta eguneroko errealitatean bizitzen duena galtzen ari dela azaldu du. “Aisialdirako, narrazioetarako eta terapiarako funtzioa ere izan dezake bertsoak; bertsoa egiteko modu ezberdinak daude” eta honenbestez begirada zabaltze aldera egin du Eizagirrek. Emakumeen paperari ere egin dio erreferentzia: “Lau emakumeen artean egindako bertso sorta topatu zen Asteasun. Pernando Amezketarraren garaikoak dira eta larru jotze baten ingurukoak dira. Hor ikusten da emakumeak betidanik ere egin duela bertsotan. Transmisio naturala ez da hilotz egon eta hori da eten behar ez dena” gehitu du Eizagirrek.

Mahai inguruan aritu dira gero hiru hizlariak, Beñat Gaztelumendi bertsolari eta Mintzolako ikerkuntza arduradunak gidatutako saioan, euren hitzaldietan botatako sokei tira eginda euren arteko eta ikusleekin elkarrizketa eraginez.

Mahai-inguruarekin amaitu da gaurko saioa