"Minbizia, tabuen kutxatik oholtzara" eta Hitzetik Hortzerara

2022/03/17
Izan Inurri elkarteko bi kide ezagutuko ditugu larunbateko programan, minbizia jasan duten pertsonei laguntzen eta bertso saioen bidez gaiari ikusgarritasuna ematen diharduen lantaldea. Errenterian antolatu duten jaialdiko bertsoaldiak entzungo ditugu. Hitzetik Hortzera, larunbatean, ETB1en.

Minbizia ez da edonolako gaia. Hainbat tabu ezkutatzen dira hitz bakarraren atzean, eta hauek bistaratzea beharrezko ikusten dute Inurri elkartekoek. Izan Inurri proiektua 2019 urtean jarri zuten abian Julene Illarramendik eta Miren Cuerdok.

Minbizia modu zuzen edo zeharkakoan jasan duten pertsonei laguntzen die elkarteak, eta gaiaren inguruko kontzientzia zabaltzeko hainbat ekimen antolatzen ditu; azkenaldian, bertso saioak ere bai. Dagoeneko hiru bertso saio antolatu dira: Donostian, Asteasun eta hirugarrena Errenterian. Izan Inurri elkarteko bi kiderekin egon eta azken saio honetara joango gara larunbateko Hitzetik Hortzeran.

Errenteriko bertso saio musikatuko bertsoaldiak

Larunbateko programan, Errenteriko Niessen aretoan egindako Minbizia, tabuen kutxatik oholtzara bertso saio musikatuko bertsoaldi gogoangarrienak ikusiko ditugu. Izan Inurri Elkarteko kideak igoko dira oholtzara bertsolariekin eta musikariekin batera. Kantuan ariko dira Alaia Martin, Maider Arregi, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita; gai-jartzaile lanak Amaia Agirrek egingo ditu; eta musikariak Beñat Antxustegi eta Eneko Sierra izango dira.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en, eta edonoiz, EITB Nahieran atarian ere bai.

Izan Inurri Elkarteko kideekin egon da Eider.