Mexikon ospatuko den inprobisatzaileen jaialdian izango dira Iñaki Murua eta Miren Artetxe bertsolariak

2013/07/24
“V. Jornada Iberoamericana de niños y jovenes poetas troveros y versadores” izeneko jaialdi ibiltarian parte hartzeko gonbidapena jaso dugu.

Mexikon izango da, abuztuaren 12tik 25era nazioarteko kantu inprobisatuaren topaketa hau. Zortzi herri eta hiri mexikarretan antolatu dituzte hitzaldi, bertso saio, mahai inguru eta beste. Hamar kultura ezberdinetako inprobisatzaileek beraien adierazpide artistikoaren berri eman, eta kantuan ere ariko dira: Kuba, Argentina, Panama, Txile, Venezuela, Colombia, Puerto Rico, Brasil, Mexiko eta Euskal Herriko inprobisatzaileak ariko dira bertan. Iñaki Murua eta Miren Artetxe bertsolariak izango dira bertsolaritzaren ordezkariak.

Herri bakoitzetik inprobisatzaile gazte batek eta esperientziadun batek hartuko dute parte. Inprobisatzaileek, kantatzeaz gain beraien herriko bertsolaritzaren zein elkartearen argazkiaren berri eman beharko dute.