Mexikon bertsotan; Mexikoren besotan
Mexikon abuztuan bizitako egonaldia kontatuko digute, bertan 15 egun iragan baitzituzten Hego Amerikako beste hainbat inprobisatzaileekin batera, V. Jornada Iberoameriacana de niños y jóvenes poetas, troveros y versadores izeneko jardunaldietan. Bertsotan aritzeaz gain, hitzaldiak ere eman zituzten. Aipatu bi bertsolariekin batera beste bi bertsozale izan ziren Mexikon: Blanca Lopez eta Esti Alberdi. Blancak eta Estik hamaika zeregin izan zituzten Mexikon, eta horietan pilatu esperientziaren berri emango dute hitzaldien osteko mahai inguruan.
Miren Artetxe izango da hitza hartzen lehena, Mexikon bertsotan deituriko hitzaldia emateko. Mirenek emango duen hitzaldiak hiru ardatz edukiko ditu: Lehenengoan Mexikora joan aurretik egiten zituzten gogoetak azalduko ditu; bigarrenean, bidaian izan zituzten gertakariek ekarritako gogoeten berri emango digu eta azkenekoan, itzuli ondoren, hausnartu ondoren izandako gogoetak kontatuko dizkigu. Mirenek esango digu hara joan aurretik zeuzkaten kezka guztiak euskaraz kantatzeari buruz, besteekiko zituzten ezberdintasunei buruz… zirela. Baina hango esperientziaren ondoren ikasi zuten nola kantatu behar zuten euskaraz; elkar trukerako zeukaten guztiaz konturatu ziren; inprobisazioa zein unibertsala den eta beste hamaika gauzetaz. Itzulerakoan konturatu ziren horrelako elkartrukeek duten garrantziaz bertsolaritza eta haren inguruko proiektuak indartu eta garatzeko.
Honen ondoren Iñaki Muruak hartuko du hitza: Mexikoren besotan izeneko hitzaldia emango du. Miren Artetxek kontatutakoa ahaztu gabe, gizaki bezala bidaia arimarentzako aberasgarri zenbateraino izan zaien azalduko du. Hitzaldien ondotik mahai inguruan arituko dira Mexikon izan ziren lauak eta bertaratzen direnek galderak egiteko aukera izango dute.
Mintzola Fundazioaren egoitzan izango da hitzaldia, bihar, asteazkena, urriak 16, arratsaldeko 19:00etan, Amasa-Villabonako Subijana etxean. Sarrera doan izango da.