Martxoaren 7an irekiko da Bertso Udalekuetako izen-ematea

2022/02/28
Bertso-eskolako kideek edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek eman ahalko dute izena egun horretatik aurrera. Martxoaren 24an hasiko da gainerako lagunentzako izen-ematea.

Amaiurren, Irañetan, Zuhatzan eta Larraulen izango dira 2022ko Bertso Udalekuetako txandak, guztiak uztailean. Hezitzaileen izen-ematea amaituta, udalekuetan parte hartu nahi duten gaztetxoen txanda izango da laster: martxoaren 7an irekiko da izena emateko aukera.

Egun horretako 10:00etatik martxoaren 21eko 12:00etara, bertso-eskolako gazteek edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek eman ahal izango dute izena (elkarteko bazkide egin zaitezke hemen). Behin epe hori pasata, lehentasuna galdu eta martxoaren 24tik apirilaren 7ra arte, ordutegi berean, izena emateko txanda gainerako lagunei ere zabalduko zaie. Izena emateko www.bertsozale.eus atarian argitaratuko den izen-emate orria bete beharko da.

Maiatzaren hasieran esango zaie izena eman dutenei txandarik egokitu ote zaien, eta orduan emango da taldeen osaketaren berri.

Txanden xehetasunak

16 eta 18 urte bitarteko gazteen egonaldia izango da lehena; Amaiurren egingo da uztailaren 6tik 15era. Hura amaitu eta hurrengo egunean ekingo zaio Irañetako udalekuari, eta han izango dira 12 eta 13 urteko gazteak 7 egunez. Uztailaren 25etik 31era bitartean, Larraulen elkartuko dira 14 eta 15 urte bitartekoak. Egun beretsuetan Zuhatzan izango dira bi txanda ere: bi taldetan banatuko dira 9 eta 11 urte bitartekoak, eta uztailaren 23tik 27ra izango da lehen taldea eta 27tik 31ra bigarrena. Prezioari dagokionez, Amaiurreko egonaldiak 360 euro balio du, Irañetakoak eta Larraulgoak 280 euro eta 245 euro Zuhatzakoak. Unean unean, indarrean dauden neurriak jarraituko dira udalekuetan.

Galderak izanez gero, deitu +34 943 694129 telefono zenbakira edota idatzi helbidera.

 

Bost txanda dituzte aukeran gaztetxoek. / XDZ